MW2ko mapa bermasterizatuak izango dira ardatz. Azaroaren 10ean estreinatu da, baina aurretik betak abiatuko dituzte.
Activision taldeak hurrengo Call of Dutyren bideoa argitaratu du. Modern Warfare IIIren protagonistetako bat, ohi bezala, bere multijokalaria izango da, eta honek zer nolako itxura duen erakutsi gura izan dute Sledgehammer, Infinity Ward eta Treyarch estudioek.
Era batean, CoDen azken hamarka t’erdiko trailerrek berdin jarraitzen dutela esan daiteke, azkena ikusita: Eminem rapeatzailearen doinuak, tiro zein eztanda mordoa, eta, horiekin batera, plano aldaketa amaigabea. Jokagarritasun gutxi ikusiko dugu bideoan, baina ikusitakoa ikusgarria dela aitortu beharra dago.
Gauzak ez direla asko aldatu esaterakoan, trailerreko tokiei buruz ere ari gara. Izan ere, MW3ren multijokalari modalitateko mapa asko ezagunak izango dira sagako beteranoen artean, MW2 originaleko guneak hartu eta hauek berregin baitituzte garatzaileek.
2009ko jokoaren hamasei mapak ikusiko ditugu: Afghan, Derail, Estate, Favela, Karachi, Highrise, Invasion, Quarry, Rundown, Rust, Scrapyard, Skidrow, Sub Base, Terminal, Underpass, eta Wasteland itzuliko dira.
Hauetako batzuetan jokatzeko aukera edukiko dugu etzi abiatuko duten beta itxian; PlayStation kontsoletarako esklusiboa izango da, eta jokoa erreserbatu dutenek joka dezakete soilik. Datorren asteko asteburuan, berriz, plataforma guztietarako beta hasiko dute, crossplay eta guzti.
Bihar, gainera, Call of Duty Next Showcase aurkezpena egingo dute Activisionekoek. Bertan MW3ri buruzko xehetasun guztiak eskaintzea da asmoa, multijokalaria bere osotasunean erakutsita, besteak beste.
Call of Duty: Modern Warfare III azaroaren 10ean merkaturatuko dute PCan zein PlayStation eta Xbox kontsoletan.
Ekoizpen katea gelditu gabe
Hurrengo CoD honek ez bazaitu askorik erakartzen, lasai, datozen urteetan zer aukeratu izango duzu-eta. Rob Kostich Activisionen presidenteak adierazi duenez, “2027ra arteko Call of Dutyak aurreikusita dauzka” dagoeneko.
Ez da harritzekoa, taldeko ia langile guztiak CoD jokoak sortzeko, eguneratzeko eta mantentzeko lanean baitaude: guztira 3.000 garatzaile inguru dabiltza gaur egun frankiziako jokoetan murgilduta.
Etorkizuneko CoD, beraz, 2024an ikusiko dugu ziurrenik. Black Ops azpisagako atal berria izatea espero da, Treyarch estudioak garatuta.
Iruzkinak