Azaroaren 5ean jokatu ahalko da tiro jokoen sagaren azken atalera. Bigarren Mundu Gerrara itzuliko dira Vanguardekin.
Urtero bezala, Call of Duty berriaren txanda iristear dago. Sledgehammer Games garatzailea izan da beste batez Activisionen frankizia ezagunean lan egiteko hautatutako taldea. Call of Duty: Vanguardekin sagaren erroetara itzultzeko asmoa dute, eta oraingoan honen atalik garrantzitsuenetakoa denaren lehen xehetasunak eman dituzte: multijokalariarena, hain zuzen ere.
Atzo arratsaldean egin zuten joko motaren aurkezpen ofiziala zinematikak zein jostagarritasuna biltzen dituen bideoarekin. Ohiko ezaugarriak mantenduko ditu, baina oraingoan jokalariei aukera gehiago eskaintzeko lana egiten ari dira. Horretarako hiru modalitate desberdin aurkeztu dituzte: Taktikoa, Erasoa eta Bortitza.
Lehena ohiko CoD esperientzia izatea nahi dute garatzaileek. Sei jokalariko bi taldek parte hartu dute bertan, erritmo ezagun batez gozatu ahal izateko. Eraso modalitatean 20 eta 28 jokalari ariko dira. Oreka bat eskaini nahi dute aukera honekin, borroka biziak eratuta, baina itogarriak izan gabe. Azkenik, lobby bortitzek maila handiko borroketan parte hartzeko aukera emango dute, 28 eta 48 jokalari bilduta. Joko mota hau bizkorrena eta gogorrena izatea nahi dute arduradunek.
Horrela uneoro jokalarientzako aproposena den joko mota eskaini nahi dute Sledgehammer Gamesekoek. Modalitate hauen barnean ohiko joko motak egongo dira gainera. Guztiak guztien aurka, taldeko borrokak, nagusitasuna eta gehiagoren artean aukeratu ahalko da.
Hauetara kokaleku berberetan jokatzeko aukera egongo da: guztira 20 mapako eskaintzarekin estreinatuko da Vanguard. Guzti hauek Bigarren Mundu Gerrako girotzea edukiko dute, izan ere sagaren lehen bideo-jokoen gudura itzuliko da hurrengo joko hau.
Kaleratu aurretik, baina, bi beta froga edukiko dituela aurreratu dute arduradunek. Lehena jokoa PlayStation kontsoletan erreserbatu dutenentzat antolatutakoa izango da: irailaren 10etik 13ra bitartean gauzatuko da, 19:00etatik hasita.
Bigarren beta irailaren 16an hasi eta 20ra arte luzatuko dute garatzaileek. Kasu honetan plataforma arteko jokoa frogatzeko prestatutakoa izango da: PC, PlayStation eta Xbox plataformetako jokalariak arituko dira bertan. Ez hori bakarrik, guztiz irekia izango da. Jokoa erreserbatzeari uko egiten diotenek ere jokatzeko aukera edukiko dute beraz.
Call of Duty: Vanguard azaroaren 5ean kaleratuko da PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan.
Iruzkinak