Crash Bandicoot 4: It’s About Timen garatzailearekin, Activisionek bere estudio guztiak dauzka CoDen battle royalean lanean une honetan.
Kaliforniako Toys for Bob garatzaileak iragarri duenez, estudioko lankideak Call of Duty: Warzone battle royalearen hirugarren denboraldian lan egiten hasi dira.
Twitter bidez adierazi dutenez, estudiokoak “harro” daude tiro jokoen saga ezagunean parte hartzeagatik. Halere, Activision Crash Bandicoot 4: It’s About Time bikainaren langileak estudiotik kaleratzen ari dela dirudi: “ezagutzen nituen langile guztiek alde egin dute”, nabarmendu du Nicholas Kole CB4ko pertsonaien diseinatzaileak.
Izan ere, une honetan Activisionen estudio guztiak ari dira Warzonen garapenean laguntzen: Infinity Ward, Treyarch, Raven, High Moon eta Beenox garatzaileei gehitu zaie Toys for Bob. Pentsatzekoa da beraz Activisionek gainerako proiektu guztiak albo batera utzi eta bere frankizia handiena indartzeko asmoa daukala.
Ikusteko dago beraz etorkizun hurbilean Crash, Spyro eta Activisionen gainerako pertsonaien abenturak prestatzen jarraituko duten enpresan; orain egun batzuk Facebook, Google, Apple, Amazon eta Tencent bezalako enpresei aurre egiteko beharrezko jendea kontratatzea “zaila” zela nabarmendu zuen Bobby Kotick Activisioneko zuzendariak.
Iruzkinak