SonSon eta Three Wonders bikainak zerrendatu dituzte momentuz japoniarrek. Kontsoletan eta PC-an kaleratuko dute.

Capcomekoek arkade jokoen bildumak prestatzen jarraitzen dute. Capcom Arcade Stadiumen bigarren atala iragarri berri dute: 32 titulu batuko dituzte bertan.

Xehetasun gutxi eskainita, aurrekoarekin erabilitako eredu berbera mantenduko dutela dirudi; hau da doako obra bat banatuko dute jokoaren oinarri bezala, eta gainerakoak DLC edo eduki gehigarri formatuan salduko dituzte. Harritzekoa da beraz bigarren jokoa prestatu izatean, formatu bera mantenduta eduki berriak gehitzeko aukera baizuten.

Oraingoan dohainik eskuratu ahalko den obra 1984ko SonSon maitatua da: bideojokalari askok Marvel Vs Capcom 2 borroka jokoan aukera zitekeen SonSon pertsonaiarengatik ezagutuko dute, jatorrizko jokoko protagonistaren iloba baita.

Horrekin batera, 32 bideojokoetako bigarrena zehaztu dute, hiru titulu direla esatea zuzenagoa den arren: 1991. urteko Three Wonders zoragarria eta maitatua iritsiko da, azkenik, belaunaldi berriko gailuetara. Midnight Wanderers: Quest for the chariot, Chariot: Adventure through the Sky eta Don’t Pull biltzen ditu tituluak. Ekainaren 24an merkaturatuko den Capcom Fighting Collection erosten dutenek Three Wonders doan jasoko dutela adierazi dute Capcomekoek.

Capcom Arcade 2nd Stadiumek ekarriko dituen gainerako bideojokoak ezagutzeko itxaron egin beharko dugu. Oraindik ez dute argitaratze datarik eskaini. Plataformak bai zehaztu dituzte, ordea: PCan nahiz PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch kontsoletan jokatu ahalko da obra klasiko hauetara.