Capcom Pro Tour txapelketako Street Fighter V-en finalekin bat egingo du abiarazitako erlojuak. Borroka jokoen frankiziak 35. urteurrena ospatuko du aurten.
Street Fighterren zaleentzat urte berezia izango dela dirudi. Capcomekoek webgune berezia aurkeztu dute informazio handirik eman gabe; bertan atzera kontaketa bat azaltzen da soilik. Otsailaren 21eko 07:00etan iritsiko da zerora; hain zuzen ere, Capcom Pro Tour txapelketa bukatzen den momentuan egingo dute iragarpen handia.
Hori horrela, zaleek argi daukate: Street Fighter sagako atal berria aurkeztuko dute japoniarrek; izan ere, txapelketako partaideak lehiatuko diren jokoa da frankiziaren bosgarren atala. Joan den azaroan iragarri zuten borroka jokoaren pertsonai berrietako bat: Luke. SF V-erako prestatzen ari ziren arren, seigarren ataleko protagonistetako bat izango zela aurreratu zuten baita Capcomekoek.
Are gehiago, 2022an Street Fighterri buruzko berritasunak emango zituztela azpimarratu zuen Takayuki Nakayama ekoizleak Luke aurkezterakoan. Urte aproposa dela dirudi: frankiziak 35 urte betetzen ditu —orain gutxi aurkeztu zuten urteurrenerako sortutako logoa—, beraz ez zen batere harritzekoa izango hurrengo atal handia aurten estreinatzea.
Mundu guztiak seigarren atala ziurtzat jotzen du; hala ere, 2020ko filtrazio batean aurreratu zen 2022an kaleratuko zela: zehazki, azken hiruhilabeterako aipatzen zuen dokumentu horrek. Ondoren, 2023an, Super Street Fighter VI bertsioa merkaturatuko zela aurreratzen zuen txosten berberak; 2024an, berriz, Ultra Street Fighter VI argitaratuko lukete Capcomekoek. Sagaren ohiko izendapenak izanik, ez zen harritzekoa izango halako zerbait ikustea.
Dena den, datorren astelehenera arte itxaron beharko dugu japoniarrek prestatutakoa zehazki zer den ikusteko.
Iruzkinak