Datozen urteetan ordenagailuetako jokoen salmentak kontsoletakoen parera iritsiko direla aurreikusten dute japoniarrek.

Haruhiro Tsujimoto Capcom enpresako presidenteak Nikkei agerkari japoniarrean adierazi duenez, datozen urteetan garatzailearen plataforma nagusia ordenagailuak izatea bilatzen dute.

Bideo-jokoen eta ordenagailuen arteko harremana gorabeheratsua izan da. 90eko hamarkadan urrezko aroa bizi ondoren, enpresa handiek alboratu egin zuten PCa, baina argi geratu da azken urteetan berriz ere sekulako indarra lortzen hasi dela, batik bat Steam, GOG eta bestelako plataforma digitalei esker. Horren adierazgarria da garatzaileek horietan jokoak argitaratzeko hartutako lana: enpresa txiki zein handiek, Xbox eta PlayStation barne, ordenagailuetarako jokoen bertsioak prestatzen dituzte gaur egun.

Gero eta gehiago izanik PCaren aldeko apustua egiten dutenak, Capcomekoek argi ikusten dute: bideo-jokoen plataforma garrantzitsuena izango da laster. Tsujimotoren arabera, 2022 edo 2023an PCko eta kontsoletako bideo-jokoen salmentak parera egongo dira. Hau da, PCan salduko den jokoen kopurua PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan saldutakoaren berbera izango da.

Adierazpenetatik haratago, argi dago Capcomek PCaren alde egiteko asmoa duela. Bere azken joko guztiak ordenagailuetan argitaratu dituzte japoniarrek, sagarik handienekin salmenta bikainak lortuta.

Horren adibide ezin hobea da Monster Hunter World: PCan beranduago merkaturatu arren kontsolen salmentak parekatzea lortu zuen ehiztarien jokoak. Hori ikusita azken bideo-jokoa, Monster Hunter Rise, PCan kaleratuko dute 2022 hasieran; Switcheko esklusiboa da une honetan.

Esan bezala, Capcom ez da PCa nabarmentzen hasitako enpresa bakarra. SEGA-k askotan aldarrikatu du ordenagailuetarako ahalik eta joko gehien argitaratu nahi dituela. PlayStation berriz, pixkanaka bere kontsoletako obra esklusiboak kaleratzen hasi da ordenagailuetan; hurrengoa Uncharted: Legacy of Thieves bilduma izango da, Helldivers, Horizon Zero Dawn eta Days Gone porteatu ondoren.