PlatinumGamesen langile ohiek sortutako M-Two garatzailea ariko zen bideojokoa prestatzen.
Video Games Chronicle eta Gematsu aldizkariek iragarri dutenez, Resident Evil 4ren remake bat prestatzen ari da Capcom. Oraindik baieztatu gabeko albistea den arren, insiderren arabera Osakako M-Two garatzaileak hartu du bideojokoa sortzeko ardura.
Resident Evil 2 eta 3ren remakeak argitaratuta, 2021erako laugarrenarena argitaratuko dutela dirudi beraz. PlatinumGameseko garatzaile ohiek sortutako M-Twok RE3ren remakean lan egin zuen; VGCren arabera proiektu berrirako prestatzeko asmoagaz lagundu zuten RE3rekin.
RE4 Remake sortzeko taldea bere aurrekariak sortu ahal izateko egindako taldeak baino handiagoa dela aurreratu dute: M-Twoko kideek RE2 eta Devil May Cry 5 sortu zuten Capcomeko kideen laguntza dute. Horien artean jatorrizko RE4n lan egin zuten Hiroyuki Kobayashi eta Kouji Kakae egongo ziren; ekoizle eta diseinu lanak izan zituzten, hurrenez hurren.
Hori horrela, remakeak jatorriz 2000. urtean Gamecuberako argitaratutako jokoaren zuzendariaren onespena jaso duela azaldu du iturri berberak: Shinji Mikaminera, hain zuzen ere.
Resident Evil 8 ere 2021erako
RE4 Remaken zurrumurruekin batera, Dusk Golem insiderra RE8ri buruz mintzatu zen orain aste batzuk. Zazpigarren Resident Evil bezala lehen pertsonan jokatuko den beldurrezko jokoa izango zela adierazi zuen, eta hori ere 2021ean argitaratzeko aurreikusita dagoela azpimarratu zuen Dusk Golemek.
Aipatutako bi jokoak argitaratuko diren plataformei buruzko aipamenik gabe, Capcomek zurrumurrak baieztatzea falta da orain.
Iruzkinak