Pragmata misteriotsuaren berandutzea ezagutera eman dute. Dragon’s Dogma 2-ren jokagarritasun eszena gehiago erakutsi ditu Hideaki Itsuno zuzendariak.

Azken urteotan Capcom izan da ekainean berezko ekimena egiten duen bideojokoen enpresa nagusietakoa. 2023an ere gauza bera egitea erabaki dute; ohi bezala, gainerako aurkezpenetan erakutsitako bideojokoak zein aurretik iragarritakoak xehetasun guztiekin ezagutzera emateko elkartu dituzte. Are gehiago, enpresaren 40 urteko ibilbidea ospatzeko aprobetxatu dute zuzenekoan.

Dragon’s Dogma 2 ikusgarria, Resident Evil 4-ren berregitaren VR bertsioa, Exoprimal dibertigarria edo Xbox-ekoen zuzenekoan lehen aldiz ikusitako Kunitsu-Gami: Path of the Goddess interesgarria —informazio bera errepikatuz— beste behin azaldu dira, adibidez.

Ezusteko bat edo beste ikusteko aukera eduki dugu, zorionez. Lehenik eta behin, albiste onekin zein txarrekin, duela hiru urte iragarritako Pragmata desagertua azaldu da berriz Capcomen aurkezpenean; bideojokozaleek lehen jokagarritasun irudiak ikusi ahal izan dituzte; halere, bideojokoa berandutu egin dela baieztatu dute Capcomekoek —argi zegoen, 2022rako aurreikusita baitzegoen—.

Bigarrenik, Apollo Justice Ace Attorney Trilogy bilduma ezagutu genuen. Azkenik, Mega Man X DiVE Offline bitxiaren bertsio berria aurkeztu zuten.

 

Dragon’s Dogma 2

Hideaki Itsuno Dragon’s Dogma originalaren zein bigarrenaren zuzendaria showcasetik igaro zen atal berriaren lehen xehetasunak eskaintzeko. Lehen jokoaren oso antzekoa izango dela ikusi dugu, baina baita berritasunak barra-barra egongo direla ere. Maparen tamaina azpimarratzekoa da: aurrekoarena baino lau aldiz handiagoa eratzen dabiltza.

Fantasia izango da ardatza: gure heroia sortuta hainbat lan desberdinen artean aukeratuko dugu ezpatarian, aztian edo arkularian bihurtzeko. Gauza bera egingo dugu laguntzera etorriko diren peoiekin; oraingoan ere multijokalari kooperatiborik gabe geratuko garela dirudi. PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetan nahiz PC-an kaleratuko da etorkizunean.

 

Pragmata

Esan bezala, Capcom Showcaseko iragarpen handietako bat berandutze bati lotutakoa izan da. 2020ko ekainean ikusi genuen Pragmata lehen aldiz, 2022an estreinatuko zutela adierazita. Ez da horrela izan, argi dagoenez, eta ez dugu 2023an ikusiko. Modu dibertigarrian baieztatu dute, behintzat.

Orain hiru urte ezagututako protagonistak agertu dira berriro: jantzi futurista daraman gizona eta neska gazte bitxia. Are gehiago, jokagarritasun pixkat ikusteko aukera ere eduki dugu; borroka dinamikoak zein azkarrak ageri dira bideoan, etorkizuneko girotzearekin. Tiroketak eta ezpatakadak biziko ditugula dirudi… oraingoz, gure kontrakoak.

 

Exoprimal

Hilabete barru helduko den Exoprimal ikusgarria berriz agertu zen Capcomekoen zuzenekoan. Exojantzi futuristak eta dinosauroak uztartuko ditu: ehundaka tiro jaurtiko ditugu, eta, aldi berean, jantzien abilezia bereziak erabili piztiak garaitzeko.

Hauek erakustearekin batera, istorioan zein jokalari bakarrarentzako kanpainan murgildu dira. Ekarriko dituen erronkak zein modalitateak aipatu dituzte, besteak beste. Ez hori bakarrik, bigarren beta egongo dela jakitera eman dute: ekainaren 16an hasiko da. Exoprimal uztailaren 14an kaleratuko dute PlayStation eta Xbox kontsoletan, baita ordenagailuetan ere.

 

Apollo Justice Ace Attorney Trilogy

Ace Attorney ikerketa eta abentura grafiko jokoek era guztietako bildumak eta bermasterizazioak jaso dituzte azken urteotan. Gauza bera gertatuko da orain Apollo Justice protagonista gaztearen atalekin: Apollo Justice: Ace Attorney, Phoenix Wright: Ace Attorney – Dual Destinies eta Phoenix Wright: Ace Attorney – Spirit of Justice batuko dituen trilogia prestatzen dabiltza. Hau da, saga nagusiko laugarren, bosgarren eta seigarren atalen bilduma izango da.

Atal grafiko eraberritu nahiko txukuna erakutsi zuen trilogiak: lehena Nintendo DS-ko port-a izango da, eta azken biak 3DS kontsolakoak. Datorren urte hasieran jokatuko dugu plataforma nagusi guztietan.

 

Mega Man X DiVE Offline

2020an argitaratutako Mega Man bitxi honen bertsio eraberritua aurkeztu zuten Capcomekoek. Izenak dioen bezala, Internet konexiorik gabe jokatzeko prestatuta egongo da. Mega Man X sagako elementuak, pertsonaiak eta bestelakoak joko bakarrean batuko ditu, aldi berean ezaugarri berriak gaineratuta.

Protagonista sorta zabalaren artean hautatu, eta gure gogokoena hobetzen zein indartzen ariko gara 2.5D plataforma eta akzio jokoan. Aurten kaleratuko dute PC, Android nahiz iOS gailuetan.

 

Resident Evil 4 VR

Orain gutxi estreinatutako Resident Evil 4ren berregiteak Capcomen ahotan jarraitzen du; izan ere, aurreko RE Engine motor grafikoarekin garatutako aurreko jokoekin egin modura, PlayStation kontsolentzako errealitate birtualeko bertsioa prestatuko dute laugarrenarekin.

PS VR2 betaurrekoekin Leon S. Kennedy agentean bilakatuko gara AEBetako presidentearen alaba salbatzeko. Tiroak, munstroak eta labanarekin egindako kontraerasoak biziko ditugu, eta doakoa izango da PlayStation 5eko jokoa erosi dutenentzat.

 

Capcom Town

Arestian esan bezala, Capcomeko 40 urte betetzen ditu ekain honetan. Hori ospatzeko helburuarekin Capcom Town izeneko museo birtuala ireki dute: frankiziarik arrakastatsuenetako tituluen informazioa, irudiak, baita joko osoak ere aurki daitezke bertan.

Esate baterako, Mega Man, Street Fighter II zein Final Fight mitikoetan joka dezakegu; horrekin batera esku liburu originalak irakurtzeko aukera daukagu. Denborarekin eguneratzen joango direla dirudi.

Capcom Showcasean azaldutako bideojokorik interesgarrienak bildu ditugu gure labupernean, baina are gehiago erakutsi dituzte. Jarraian aurkezpen osoa ikus dezakezue: