Enpresa japoniarraren 40. urteurrena ospatzeko Capcom Town museo digitala irekiko dute.

Agindutakoa beteta, Capcomekoek Spotlight aurkezpena burutu dute. Datozen hilabeteotan estreinatuko dituzten bideojokorik esanguratsuenak biltzeari ekin diote bertan: Monster Hunter Rise, Ghost Trick, Resident Evil 4n berregitea zein Exoprimal izan dira, besteak beste, zuzenekoan azaldutakoak.

23 minutuko bideoak datak zein trailerrak aditzera emateko balio izan die japoniarrei. Spotlighteko jokorik interesgarrienak laburbil ditzagun:

 

Monster Hunter Rise: Sunbreak

Capcomekoek ez dute munstroen ehiztarien azken tituluaren eduki berririk aurkeztu; hala eta guztiz ere, PlayStation-eko zein Xbox-eko jokalarientzat benetan interesgarria izango den albistea zabaldu zuten. Monster Hunter Rise: Sunbreak apirilaren 28an estreinatuko dute PS zein Xbox kontsoletan.

Jatorrizko jokoa urte hasieran merkaturatu ondoren iritsiko da lehen espantsio handia kontsolotara. Edukiz gainezka etorriko da: 13. adabakiak armak, armadurak, munstroak, istorio berria zein kokalekuak gaineratuko ditu.

Ez dira ahaztu berritasunez, hori bai: laster Monster Hunterri lotutako aurkezpen berezia egongo dela agindu dute japoniarrek. Zehazki 15. eguneraketari lotutakoa izango da, honek ekarriko dituen edukiak ezagutzera emateko.

 

Resident Evil 4 Remake

Resident Evil zale guztiek espero zutena bete zuten Capcomekoek. Hemen da azkenean RE4ren berregitearen demoa: kontsoletan zein ordeganailuetan goza dezakegu, eta ez, oraingoan ez dauka epemugarik.

Probak jokoaren lehen uneak biltzen ditu: Chainsaw Demo azpitituluak adierazten duen modura, motozerraren lehen ganadoaren aurkako borrokara arte helduko da. Hau da, Leon munstroz betetako espainiar herrixkara iristen den arte. Gutxi falta da, baina, joko osora aritzeko: martxoaren 24an estreinatuko da PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetara.

Bukatzeko, animaziozko film berria aurkezteko aprobetxatu dute Capcomekoek: Resident Evil Death Island.

 

Exoprimal

Exoeskeletoak dinosauroen aurka. Exoprimalek ez du askoz gehiago behar gure arreta erakartzeko, egia esan. Akziozko joko kooperatiboaren argitalpen data baieztatu dute azkenik Capcomekoek: uztailaren 14an hasiko da ehiza PCan zein PlayStation eta Xbox kontsoletan —azken hauetan, Game Pass bidez, gainera—.

Hori bai: proposamena benetan interesgarria ote den ziurtatzeko beta irekia agindu dute arduradunek. Martxoaren 17tik 19ra bitartean plataforma arteko probaz goza dezakegu. Bitartean, Exoprimalen azken trailerrak bere istorioa eta jokagarritasuna ikusteko balio digu.

 

Ghost Trick: Phantom Detective

Nintendo DS-ko puzzlen joko maitatuaren bermasterizazioa orain gutxi ezagutu genuen; zaleak berotu ondoren, estreinatze data ere baieztatu dute. Ghost Trick: Phantom Detective ekainaren 30ean kaleratuko da plataforma guztietan.

Atal grafiko eraberritua —interfazea, batez ere—, erronka modalitatea, eta eduki gehigarri mordoa dakartza. Ahaztuta geratu den klasikoa berpizteko aukera aparta da, eta Capcomekoek aprobetxatu egingo dutela dirudi.

 

Mega Man Battle Network Legacy Collection

Beste klasiko batzuk, baina oraingoan Game Boy Advance kontsolakoak dira, Mega Man urdinaren Battle Network sagako jokoak. Askok euskaraz eman zen animearengatik ezagutzen dugu, baina kontsola eramangarrian estreinatutako hamar jokoak batuko ditu Legacy Collection bildumak.

Egia esan, bi bilduma desberdinetan estreinatuko direla argitu beharra dago: apirilaren 14an merkaturatuko dituzte PCan, PS4an eta Switchean. Hainbat berritasunekin datoz; izan ere, marrazkiak, abesti eraberrituak nahiz karta berriak jasoko dituzte.

 

Capcom Town

Spotlightaren laburpena ez dugu bideojoko batekin bukatuko, museo birtualarekin baino. Capcomek 40. urteurrena ospatzeko Capcom Town izeneko ekimena aurkeztu du: ekainaren 12an irekiko dute.

Xehetasun handirik eman gabe, webgunea abiatu dute jadanik. Bertan, nola ez, Mega Mango Met etsai mitikoak ageri dira orrialdea prestatzen.

Capcom Spotlight bere osotasunean ikusi nahi baduzue, jarraian duzue bideoa: