Aurreikusi gabeko udako aurkezpenak baieztatzen jarraitzen dute. 40 minutuko iraupena edukiko du.

Capcom talde japoniarrak Spotlight aurkezpenaren saio berria iragarri du ostiralerako. Aurkeztuko dituzten bideojokoen artean Resident Evil Requiem, Pragmata, Monter Hunter Wilds zein Street Fighter 6 nabarmendu dira.

Emanaldia ekainaren 27ko 00:00etan hasiko da —hau da, ostegunetik ostiralera bitarteko gauerdian—. Iraupenari dagokionez, 40 minutukoa izango dela aurreratu dute Capcomekoek.

Izar nagusia Resident Evil 9, Requiem, da, zalantzarik gabe. Summer Game Fest jaialdian ezagutu genuen trailer interesgarriarekin batera; ostean, hainbat hedabidek eta eduki sortzailek aurrerapen txikiak eskaini dizkigute, baina oraindik ez dugu jokagarritasunik ikusi: beldurrezko bideojokoa otsailaren 27an estreinatzen dela jakinda, gauza interesgarriak espero dira Spotlightean.

Aspaldiko Pragmatak ere begiradak erakartzea espero da. 2026an kaleratzeko asmoa agertu du, azkenik, Capcomek: jokagarritasun irudiak ikusita baditugu ere, premisa orokorra ganoraz aurkezteko aukera ederra daukate.

Gainerakoen eduki gehigarriak eta bestelakoak ikusiko ditugu, ziurrenik, emanaldian: SF6ren denboraldi berria bidean da Alex, Ingrid, C. Viper edo Sagat bezalako borrokalari mitikoekin; bestalde, aurten estreinatutako MH Wildsen ezinbesteko espantsioak agertzeko unea izan daiteke.

Ostiralean 00:00etatik aurrera ikusi ahalko dugu azken Capcom Spotlight emanaldia.