Yauyuki Oda SNK-ko ekoizleak “etorkizunean, zalantzarik gabe” borroka jokoetako izenik handienak batuko dituen titulu berria ikusiko dugula agindu du.
Borroka joko desberdinetako borrokalariak batzea ohikoa da gaur egun: Super Smash Bros saga da honen erakusle nagusia, baina gainerako borroka joko klasikoek ere hainbat gonbidatu izan ohi dituzte. Tekken 7-n Akuma eta Geese Howard ditugu, Terry Bogard Fighting EX Layer-en, eta Samurai Shodown-ek Baiken jaso du. Hala ere, kasu hauek ez ziren horren arruntak izaten aspaldi batean: hori Capcomek eta SNK-ak aldatu egin zuten 1999an argitaratutako SNK vs. Capcom: The Match of the Millennium-ekin. Bi enpresen borrokalariak batzen dituzten jokoak berpizteko asmoa agertu dute orain arduradunek.
Adierazpenak Yauyuki Oda SNK enpresako ekoizlearen aldetik datoz. Izan ere, orain gutxi egindako EVO 2022 txapelketan SNK-ren eta Capcomen pertsonaiak biltzen zituzten poster eta irudi ofizialak saldu dituzte.
Hauek sekulako arrakasta izanik, Video Games Chronicle agerkariak Odarekin hitz egin du honi buruz. Bi enpresen arteko bideojoko berriari buruz galdetzerakoan, ekoizlearen erantzuna argia izan da: “Etorkizunean, zalantzarik gabe”.
Izan ere, Capcomek nahiz SNK-ak nahi duten zerbait dela azpimarratu du ekoizleak. “Bi alderdietako guztiek, bi enpresetakoek, errealitate bilakatzeko interesa dugula uste dut”, aipatu du Odak elkarrizketan, “batez ere, EVOko posterrek eragin dituzten erantzunak ikusita”.
Horrela, “nazioarteko komunitatea ikusteko irrikitan dagoen borroka jokoa dela baieztatzeko” balio izan diela uste du japoniarrak. 1999. urtean hasita 2003ra arte kaleratutako borroka jokoen sagak gaur egun milaka jarraitzaile izaten segitzen du. Ez da harritzekoa, genero honetako tituluek azken urteetan ikaragarrizko berpizkundea izan dutela ikusita.
Elkarlan bitxia izan zen garai hartakoa: karta jokoekin hasi ziren bi enpresetako pertsonaiak biltzen; ondoren, nola ez, borroka jokoei ere ekin zieten. Hauek txandaka egiten zituzten: Capcomek batzuk egiten zituen bere aldetik, eta SNK-koek ere gauza bera, bakoitzak bere estiloa eta mekanikak mantenduz.
Are gehiago, elkarlan horretako tituluetako bat, Capcom vs SNK 2: Mark of the Milleinum 2001, borroka jokoen zaleen artean benetan maitatua da, askorentzat inoiz egin den obrarik borobilena izateraino.
Oraindik plan zehatzik ez duten arren, Capcomekin EVOrako egindako elkarlan txikia “lehen pausoa” da. Orain urte batzuk, Hideaki Itsuno CvSNK 2ren zuzendariak hirugarren jokoa egitea asko gustatuko litzaiokeela adierazi zuen elkarrizketa batean.
Momentuz, zoritxarrez, itxaron egin beharko dugu borroka jokoen berpizkundea ofizialki itxaroten duten ikusteko. Hori bai, zaleen aldetik sekulako erantzuna jaso dute enpresa japoniarrek, eta argi geratu da Ryu eta Kyo ezagunen arteko dueluaren zain jarraitzen dutela.
Iruzkinak