Street Fighter sagaren ekoizlea hiru hamarkada luzez aritu da enpresa japoniarrean.
Street Fighter borroka jokoetako ekoizle Yoshinori Onok Capcometik alde egingo duela jakinarazi du. Iragarpena bere Twitterreko kontutik egin du japoniarrak.
Oharrean azken hamarkadan Street Fighterren jokalarienganako esker ona adierazi du Onok: “Denbora luzea igaro dut Street Fighter markaren ondoan, une onak, une txarrak eta existitu ez diren uneak biziz. Nire bihotza markari babesa eta laguntza eskaintzen ibili diren jokalarienganako esker onez beteta dago”.
Japoniarrak ia 30 urte eman ditu Capcomekin lanean. 90. hamarkadan soinu ekoizle eta konpositore bezala hasi ondoren Capcomen bideojokoen ekoizlea izatera igaro zen. Devil May Cry, Onimusha, Resident Evil eta Dead Rising bezalako bideojokoetan lan egin du, baina Street Fighter IVrekin egindako lanarekin ezagutu zuten jokalariek. Izan ere, ordutik hona Capcomen borroka joko ospetsuko aurpegia izan da Ono.
Iragarpena ez da ezustean heldu Street Fighterren zaleentzat. Orain egun batzuk Dusk Golem insider ezagunak Street Fighter VI izaten ari den arazoak aipatu zituen txioen hari baten bitartez. Bertan adierazi zuenez, Ono ez zegoen pozik bideojokoarekin egindako frogekin, eta Capcomek beste pertsona bat izendatu du SF VIren zuzendari.
Ono atsekabeturik agertu da Street Fighterren azken txapelketa eta ekimenetan zaleekin ezin batu izanagatik. Hori dela eta, txioan bere “3, 2, 1… Shoryuken!” irrintziarekin agurtu da zaleengatik.
Iruzkinak