Istorio trailer luzea aurkeztu du Bandai Namco-k, talde desberdinak aurkeztuz. PC, PS5, Switch eta Xbox Series gailuetan estreinatuko da futbol jokoa.
Bandai Namco argitaletxeak Captain Tsubasa II: World Fighters abuztuaren 28an estreinatuko dela jakinarazi du. Tamsoft garatzaileak Oliver Atom eta Japoniako taldekideak World Youth arkuan kokatuko ditu.
Biziko dituztenak ezagutzera emateko istorio trailer luzea prestatu dute egileek. Manganimean ikusitako partiduak berreskuratuko dira kanpainarako: Herbehereak, Mexiko, eta, nola ez, Roberto Hongo-ren eta Carlos Santana-ren Brazil izango dira lehiakideak. 22 talde eta 110 jokalari bilduko ditu Captain Tsubasa: Rise of New Champions-en jarraipenak —tartean, manganimean ikusi gabeko pertsonaiekin—, eta honen mekanikak hobetzeko asmoa agertu dute egileek.
Horrela, “eguneratutako sistema estrategikoagoa” izango dela azaldu dute, mugimendu berriekin, baina, batez ere, jokalarien eta atezainen arteko dueluetan ardaztuz oraingoan. 150 zinematika prestatu dituzte mugimendu berezi ikusgarrientzat. Kanpainarekin batera, bigarren mailako istorio alternatiboak eta erronkak aurkeztuko ditu World Fightersek; gainera, partidu arruntak zein multijokalari modalitateak ere ikusiko dituzte jokalariek.
Lehen jokoak balorazio onak bildu bazituen ere, hobetzeko asko zeukala uste dute jarraitzaileek. Bigarrenarekin akatsak zuzenduko dituzten ikusiko dugu abuztu bukaeran.
PC, PlayStation 5, Switch —eta Switch 2— nahiz Xbox Series plataformetan estreinatuko da abuztuaren 28an Captain Tsubasa II: World Fighters.
Lander Unzueta
Iruzkinak