Bytten Studio independenteak bi eta hiru dimentsioak biltzen dituen JRPG interesgarria prestatu du PC-rako. Etorkizunean Xbox eta Switch kontsoletara helduko da.
Raw Fury argitaletxeak eta Bytten Studio taldeak aditzera eman dutenez, Cassette Beasts apirilaren 26an kaleratuko dute. Pokémon klasikoen mekanikak hartzen dituen JRPG abentura izango da.
Argitalpen dataren bideoa ikusita, argi geratzen da sakelako munstroen abentura zaharrenak inspirazio iturritzat hartzen dituela. Ikuspegi isometrikoarekin zelaiak, mendiak, itsasoak eta bestelakoak bisitatuko ditugu gune misteriotsu batean. Istorioak Persona jokoen zertzeladak ditu, eta musikak leku esanguratsua edukiko du.
Estetikak Nintendo DS kontsolako Pokémon abenturak —Soul Silver, adibidez— gogora ekartzen ditu: pertsonaiak bi dimentsioko sprite-kin sortuak egongo dira, baina guneak poligono urriko hiru dimentsioetan eratuta daude.
Hori bai, bestelako piztiak izango dira tokiotan ikusiko ditugunak: zehazki, kaseteetako izakiak. Hauekin borrokan ariko gara, eta, nola ez, harrapatzeko aukera ere edukiko dugu. Txandakako borroka sakonak proposatzen ditu bideojokoak, erasoak zein objektuak erabilita.
Ez da Pokémonen moduan izango, baina: kaseteen zinten bidez hauek grabatuko ditugu, eta gure protagonista —editore bidez sortutakoa— munstrootan bilakatuko da, euren ahalmenak eskuratuta.
Borroka mekanika interesgarriena, ordea, fusionatzearena izango da: bi munstro desberdin hartu eta hauek elkar ditzakegu, askoz indartsuagoa den berria sortuta.
Azken Steam Next Fest ekitaldian probatu genuen Cassette Beasts, eta, egia esan, ikaragarri gustatu zitzaigun. Horri buruz hitz egin genuen Naiz Irratiko saioan:
Esan bezala, Cassette Beasts apirilaren 26an estreinatuko da; momentuz ordenagailuko jokalariek soilik jokatu ahalko dute. Steam bidez estreinatzeaz gain, PC Game Pass harpidetzan ere gehituko dute abentura.
Zorionez laster plataforma gehiagotan ikusiko dugu laster: udaberri bukaeran Xbox —Xbox Game Passa barne— zein Switch kontsoletan merkaturatzea agindu dute arduradunek.
Iruzkinak