Oraintsu kaleratutako 1.2 eguneraketak gune, munstro zein abilezia berriak gaineratu dizkio Bytten Studio-ren Pokémon estiloko JRPG abenturari.
Raw Fury argitaletxeak Cassette Beasts tituluaren multijokalaria iragarri du: Xbox eta Switch kontsoletara nahiz PC-ra iritsiko da urtea bukatu baino lehen.
Cassette Beasts Pokémon frankiziaren klona dugu: retro estetikarekin, ikuspegi isometrikodun mundua esploratuz piztiak harrapatzen joango gara, ondoren hauek borroketan erabiltzeko.
Desberdintasun nagusia, baina, protagonisten aldetik dator: izakiak kaseteetan harrapatuko dituzte, ondoren hauetan bilakatzeko eta borrokan egiteko —fusionatuz pizti boteretsuagoak sortzeko aukera ere badago!—. Istorio sakona aurkeztuko digu, gainera: Persona bezalako sagak gogora ekar ditzake alor horretan.
Modu horretara, aurkeztu berri duten multijokalarian zortzi lagun elkarrekin mundua esploratzen aritu ahalko dira, munstroak ehizatuz, hauek trukatuz nahiz dueluetan elkarrekin parte hartuz; azken hauen kasuan, kooperatiboan zein elkarren aurka borrokatzeko aukerak ahalbidetuko dituzte.
Multijokalariaren inguruko berritasunak eskaintzen jarraituko dutela agindu dute Bytten Studioko arduradunek. Hori bai, ez da Cassette Beastsek jasotako albiste bakarra: 1.2 eguneraketak ezaugarri mordoa dakartza.
Katakonben eduki gehigarriak ezkutatutako kokaleku sekretua gehitzen dio JRPG jokoari: abandonatutako meatzea. Jokalariak gunea bilatzera animatu dituzte garatzaileek, bertan eduki gehigarri desberdinak aurkitzen dira-eta.
Hasteko eta behin, zortzi munstro berri ikusiko ditugu. Lehenik, abentura originalean azaldutako hiru piztiren bermasterizatutako formak daude; bigarrenik, lau munstro guztiz berriak ditugu; bukatzeko, izaki bakar zein berezia ere gehitu dutela diote Byttenekoek.
Munstroekin batera mugimenduak ere ikusiko ditugu adabakiarekin. Hamar dira guztira, erasoak zein abilezia pasiboak daude horien artean.
Cassette Beastsen 1.2 eguneratzea kaleratu dute dagoeneko plataforma guztietan. Doan eskura daiteke. Bideojokoa apirilean estreinatu zen, zaleen aldetik balorazio bikainak jasota.
Game Erauntsian demoa probatzeko aukera eduki genuen, eta ikaragarri gustatu zitzaigun. Horri buruz hitz egin genuen gure irratsaioan:
Iruzkinak