Halloween sasoian bete-betean sartzeko DLCa da Bytten Studio-k prestatutakoa, istorio, gune eta munstro berriekin.
Azkenaldian estreinatutako Pokémon klonik interesgarrienetakoa da Cassette Beasts. Jokalarien artean balorazio bikainak lortu ondoren, bere proposamena osatzen jarraitzen du eduki gehigarriekin eta espantsioekin: azkena Pier of the Unknown deitzen da, eta dagoeneko joka dezakegu.
Bytten Studiok apirilean kaleratutako abenturari misio eta eginkizun berriak gehitu dizkio. Girotzeari dagokionez, urrian sartu garela aprobetxatuta Halloween kutsua eman diote: barrakaz betetako malekoi misteriotsuan eta beldurgarrian ariko gara oraingoan.
Orain arte ikusi gabeko istorio eta pertsonaiak ageriko zaizkigu, hortaz. Bideojoko originalean gidoiak zeukan pisua ezagututa, zerbait berezia prestatu dutela aurreikus daiteke.
Kasete zintekin grabatzeko munstro berriak ere ikusiko ditugu. Hamabi izango dira guztira: gutxi dirudite, bai, baina fusio eta bateratze elementuak ere gehitu behar zaizkie, baita hauen shiny forma distiratsuak ere. Garatzaileek diotenez, DLCarekin jokoko munstroen kopurua 141era igo da; alegia, 19.881 fusio sor ditzakegu orain piztiak elkartuta.
Bukatzeko, gure pertsonaia kokaleku beldurgarrian guztiz murgiltzeko jantziak gehitu dituzte, bost guztira.
Txandakako RPG borrokak biziko ditugu Casette Beastsen. Munstroak harrapatu ordez hauek grabatu egingo ditugu, eta gure pertsonaiek euren botereak erabiliko dituzte. Pokémon klona dela aipatu dugu, baina, era batean, Persona jokoekin antzekotasun handiak ditu, gidoi sakonagotik hasita.
Pier of the Unknown espantsioa ordainpekoa da: 6,89 eurotan saltzen dute une honetan Steam plataforman. Bestalde, etorkizunean multijokalaria jasoko duela agindu zuten garatzaileek: kooperatiboan zein elkarren aurkako borroketan parte hartzea eskainiko die zortzi laguni.
Iruzkinak