Konami-ren Circle of the Moon, Harmony of Dissonance eta Aria of Sorrow porteatzeaz arduratuko da M2 estudio japoniarra.
Zaleek Castlevania berriren baten zain jarraitzen duten bitartean, Konami-ko arduradunek birmasterizazio eta joko zaharren port-ak argitaratzeko asmoarekin jarraitzen dutela dirudi. Azken zurrumurruen arabera, Castlevania Advance Collection bilduma prestatzen ariko ziren japoniarrak.
Albistea orain egun batzuk zabaldu zen sare sozial eta foroetatik Australiako gobernuaren webgunean adinkako sailkapenaren erakundeak bideo-jokoa zerrendatu zuela ikusterakoan. Azken egunetan gauza bera egin du Hego Korean antzeko zereginetarako duten erakundeak.
Informazio gehiegirik eman gabe, izena irakurrita banpiro ehiztarien sagako GBA kontsolan argitaratutako joko guztiak batuko dituela pentsa daiteke. Hau da, Castlevania Advance Collection honek Circle of the Moon, Harmony of Dissonance eta Aria of Sorrow eskainiko dituela suposatzekoa da, hirurak zaleen zein kritikaren artean oso maitatuak.
Garatzailearen izena ere irakurri daiteke Australiako zerrendan: M2 estudio japoniarra izango da porteatze lanen arduraduna. Garatzailea aldez aurretik Castlevania Anniversary Collection bezalako lanetaz arduratu da. Filtratutako informazioak PC-rako bertsioa aipatzen du soilik, baina suposatzekoa da kontsoletara ere iristea.
Informazio iturriak ikusita, ez da harritzekoa izango zurrumurrua baino gehiago izatea. Iragarpen ofizialaren eta argitaratze dataren zain geratzea baino ez dute beraz Belmont familiaren eta Dracularen jarraitzaileek.
Iruzkinak