Konami Evil Empire eta Motion Twin taldeekin elkartu da PS5, Switch, Xbox Series eta PC gailuetarako 2.5D abentura prestatzeko.
Konami taldeak Castlevania: Belmont’s Curse iragarri du State of Play emanaldian. 2026an kaleratuko da: akzioa, abentura eta banpiroak batzen dituen frankizia maitatuaren oinarrietara joko du.
Evil Empire estudioa ari dira garapenaz arduratzen; atzean, gainera, Motion Twin estudioa izango du aholkularitza lanetan. Hau da, Castlevania berria Dead Cells indie altxorraren egileena da —Castlevaniari lotutako eduki gehigarria izan zuela gogoratu beharra dago—.
1499. urteko Paris bisitatuko dugu; diotenez, Castlevania III: Dracula’s Curse jokoaren jazoeretan ikusitakoa baino 23 urte beranduago. Trevor Belmont banpiro ehiztariaren oinordekoa gidatuko dugu: izenik gabeko Belmont emakumea.
Zigor banpiro hiltzailea eskuan hartuta, 2.5D abentura biziko du protagonista berriak. Plataformak, borrokak eta esplorazioa dira ardatz, sagako etsai zein buruzagi mitikoak elkartuta. Tranpak ere gainditu beharko ditugu, sarritan zigorrarekin kulunkatuz; gainera, bestelako abileziak eta objektuak ere aipatzen dira.
Baieztatu gabe utzi badute ere, Dead Cellsen zein The Rogue Prince of Persia-ren roguelike mekanikak berrerabiliko dituztela pentsa daiteke, bioma desberdinak gainditu behar izanez partida bakoitzean.
PlayStation 5, Xbox Series, Switch eta PC plataformetan estreinatuko da Castlevania: Belmont’s Curse aurten.
Castlevania gehiago
Iragarpena sagaren 40. urteurrenaren aterpean egin dute Konamikoek.
Horregatik, ez da joko bakarra izango. Azken urteotan Castlevania klasikoen bildumak eta birmasterizazioak prestatzen ibili direla aitatu dute japoniarrek, baina, etorkizunera begira, gehiago egongo dela nabarmendu dute urteurrena abiatzeko.
Lander Unzueta
Iruzkinak