Netflix-eko Castlevaniaren lau denboraldien jarraipen zuzena izango da. Richter Belmont izango da protagonista.
Bideojokoen frankiziarik klasikoenetakoa pantaila txikira itzuliko da beste behin. Netflixen sekulako arrakasta eduki ondoren, Konamikoen Castlevania mitikoak Nocturne deitutako animazio telesaila iragarri du.
Aro berriari ekingo diote Nocturnerekin; izan ere, orain arte Netflixek ekoiztutako lau denboraldien jarraipen zuzena izango da, baina protagonista berriak beste ibilbide bat hasiko du.
Ahaztu Trevor Belmont eta Sypha Belnades protagonistez: bideojokoen zaleek ondo baino hobeto ezagutzen duten Richter Belmont da telesail berriko izarra. Hau da, Trevorren eta Sypharen oinordekoa.
Hori horrela, ekoizpenak Richterren bideojokoetan azaldutako jazoerak jarraituko dituela pentsa dezakegu; nola ez, nahi bezala moldatuta eta egokituta, aurreko denboraldietan gertatu modura. Berarekin batera agertuko da, besteak beste, Maria Renard aztia. Prentsa oharrean zehaztu dutenez, 1792ko Frantziar Iraultzan girotuta egongo da.
Castlevania: Rondo of Blood maitatuan agertu zen Richter lehen aldiz 1993. urtean. Hortik abiatuko direla susmatzen dute zaleek, bideojokoaren oinarriak jarraituz.
Benetako interesa, ordea, Rondoren osteko abenturan dago: honen jarraipen zuzena den Symphony of the Night maisulanean. 1997an PlayStation originalean kaleratutako titulua da, ziurrenik, Castlevaniarik bikainena nahiz maitatuena.
Nahiz eta banpiro ehiztaria bertan azaldu —berarekin abentura osoa gainditzeko aukerarekin—, benetako protagonista Alucard zen; Netflixen aurreko denboraldietako hirugarren protagonista, hain zuzen ere.
Castlevania: Nocturne irailaren 28an estreinatuko da Netflix plataforman.
Iruzkinak