Windows eta GNU/Linux bidez joka dezakegu. Madeline protagonistak mendi elurtsuak hiru dimentsiotan igo beharko ditu abilezia berriekin.

Celeste zoragarriak sei urte bete ditu jada. Maddy Makes Games taldea osatzen duten garatzaileek —gaur egun EXOK games izena erabiltzen dute— oparitxoa zabaldu dute zaleen komunitatearentzat urteurrena ospatzeko: Celeste 64: Fragments of the Mountain doako jokoa prestatu du estudioak.

Plataforma joko originalaren jarraipena dela esan daiteke, modu batean; izan ere, Madeline protagonistarekin topo egingo dugu berriz Celeste mendira itzultzeko. Zeharo eraldatuta aurkituko dugu, ordea: doako obraren izenburua irakurrita asmatuko zenutenez, hiru dimentsioko lana prestatu dute egileek.

Horrela, Super Mario 64 kutsua hartzen du abenturak, bai grafiko aldetik, baina jokagarritasunetik. Airean flotatzen dabilen mundua zeharkatu beharko dugu Madelinen ohiko botereak erabiliz: bulkada, eskalatzea eta bestelakoak itzuliko dira, baita hegan egitea bezalako abilezia berriak ere. Marrubiak biltzen ariko gara erronka desberdinei aurre egiten diegun bitartean.

Sortzaileek diotenez, astebetean garatutako proiektu txikia baino ez da; hala eta guztiz ere, benetan gomendagarria dela esan beharra dago —baina mandoarekin jokatu, teklatuaren kontrolak erotzekoak dira-eta—.

Ez da Celesteren urteurrena ospatzeko egiten duten lehen doako jokoa. Duela hiru urte Celeste Classic 2 prestatu zuten PICO-8 makina birtualaz baliatuta.

Celeste 64 jaisteko, itch.io webgunera jo beharko dugu: bertan aurkituko ditugu Windows zein GNU/Linux sistema eragileentzako bertsioak.

 

Goza ezazu obra originalaz gure hizkuntzan

Nola ez, ezin dezakegu Celesteri buruzko albistea euskarazko lokalizazioa aipatu gabe utzi. Josu Igoak orain hilabete batzuk argitaratu zuen indie plataforma osoa euskaratzen zuen itzulpena.

PCan soilik erabil dezakegu, zoritxarrez, baina lehen aldiz jokatzen zein beste behin Celeste mendiaren igoeraz gozatu nahi duten jokalari euskaldunentzat ezinbestekoa den mod-a dugu.