Indie plataforma joko arrakastatsuaren jatorrizko bertsioarekin egin bezala PICO-8 makina birtualean sortuta dago Celeste Classic 2.

Maddy Thorson, Noel Berry, eta Lena Raine garatzaileek osatutako Matt Makes Games estudioak 2018an kaleratu zuen Celeste famatuaren hirugarren urteurrena ospatzeko doako joko berezia argitaratu du.

Bideo-jokoa goitik behera gainditu zutenek sekretu bezala ezkutatutako Celeste Classic gogoratuko dute. Hala ere, Classic hori plataforma jokoaren jatorrizko bertsioa dela datu ezezaguna da askorentzat, hortik jaio baitzen orain hiru urte estreinatutako abentura. Garatzaileek proiektu horren jarraipena prestatu dute data berezi hau oroitzeko: Celeste Classic 2.

Jatorrizko jokoarekin egin bezala, PICO-8 makina birtualean sortu dute abentura berri hau: hiru egunetan garatutako bideo-jokoa dela azaldu dute arduradunek. Celeste Classic 2 guztiz doakoa da, eta nabigatzaileen bidez jokatu daiteke. Jokoa Matt Makes Gamesen Itch.io webgunean aurkitu daiteke.

Celestek arrakasta esanguratsua lortu du: hiru pertsonako taldeak eratutako jokoak milioi bat ale baino gehiago saltzea lortu zuen joan den urtean. Youtubeko NoClip sortzaileak bideo-jokoaren garapenari buruzko dokumental sakona argitaratu zuen: