Fellowship Sanctuary adabakia momentuz PC-ra iritsi da soilik: doan jaitsi daiteke. Kontsoletako bertsioek laster jasoko dutela agindu dute Dead Mage-koek.
Azken eguneraketa handia aurkeztu dute Dead Mage estudiokoek beren Children of Morta sariturako: agindu bezala, online multijokalari kooperatiboa gehitu dute akziozko RPG bikainera.
Dagoeneko jaitsi daiteke Fellowship Sanctuary izeneko eguneratzea, eta guztiz doakoa da gainera; hori bai, PCko bertsiorako soilik argitaratu dute, Steam saltokian zehazki. Dena den, PlayStation 4, Xbox One eta Switch kontsoletarako bertsioetan lan egiten dabiltzala baieztatu dute: laster kaleratuko dute adabakia horietan.
Modu horretara, korrupzioaren aurka lagunekin egiteko aukera gehitu dute garatzaileek. Obra osora joka daiteke kooperatiboan, mugarik gabe. Adiskideekin arerioak akatzeari eta ziegak esploratzeari ekin ahalko zaio beraz.
Fellowship Sanctuaryn kaleratzea ospatzeko, doan jaitsi daiteke Children of Morta: eskaintzak otsailaren 18ra arte iraungo du; ostean erosi egin beharko da jokatzen jarraitzeko, baina beherapen handia eskaintzen dabiltza Steameko bertsioan.
Eguneraketa handien azken atala dela diote garatzaileek: 2019ko irailean jokoa kaleratzerakoan adabakiz betetako bide orria zehaztu zuten, eta online kooperatiboa izan da helmuga. Aurretik objektuak, zailtasun motak, pertsonaiak, arerioak eta askoz gehiago gaineratu diete ARPGari.
Children of Morta PCan zein kontsoletan eskura daiteke.
Iruzkinak