Paradox Interactive-n kudeaketa eta sormen joko arrakastatsuaren jarraipena aurten estreinatuko da.
Cities: Skylines 2 aurkeztu du ofizialki Paradox Interactivek. Atzo hainbat zurrumurru entzun ostean ordenagailuetarako zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletarako bertsioak aditzera eman zituzten.
Iragarpena burutzeko bideo zinematikoa zabaldu dute. Bertan halako jokoagatik espero dezakeguna azaltzen da: hirietako eraikinak eta errepideak sortzen azaltzen dira. Jarraipenak estetika modernoagoa edukiko duela hauteman daiteke, bai hirien itxuragatik, bai jokoaren logoagatik.
Trailerra alboratuta, ez dakigu askorik bideojokoari buruz. “Munduko hirien sorkuntza sandbox-ik askeena” izango dela aipatzen dute Paradoxekoek, eta horri lotuta “gure ametsetako hiriak sortuko ditugula”.
Hau da, oinarria lehen Citiesen berbera izango da —zein bestela!—. Halako jokoetan kudeaketa eta sormen elementuez gain, benetan garrantzitsuak izaten dira erabil ditzakegun baliabideen zerrendak: aurrekoak dozenaka eduki gehigarri eta DLC dituenez —baita mod-ak ere—, ia-ia nahi duguna sor dezakegu bertan.
Ikustekoa izango da beraz bigarrenak hasiera batean ekarriko dituen baliabideen kopurua. Horri lotuta, garatzaileek beste behin mod sortzaileen komunitateari bideratutako tresnak eskainiko dituztela baieztatu dute.
Argitaratze data zehatzik eman ez duten arren, 2023an merkaturatzeko hautua egin dute Paradoxekoek. Esan modura, PCan, PS5ean eta Xbox Seriesetan ikusiko dugu Cities: Skylines 2.
Iruzkinak