Paradox Interactiveren hirien gestio jokoaren DLC arrakastatsuenak ere batzen ditu ekainaren 9a arte iraungo duen eskaintza bereziak.

Humble Bundlek aldi baterako aparteko eskaintzekin jarraitzen du. Humble Cities: Skylines Bundle deitutakoak Paradox Interactivek garatutako hiriak gestionatzeko jokoa du ardatz oraingoan. Eskaintza bereziarekin PCko jokalariek Cities Skylines euro baten truke eskuratu ahal dute.

Ohi bezala, Humble Bundlea prezioaren arabera banatutako maila desberdinez osatuta dago. Bideojokoa soilik nahi dutenek, euro bakarra balio duen lehen maila eskuratu beharko dute. Jokoarekin batera Deep Focus Radio gehigarria dakar lehen maila horrek.

Bigarren mailak erosleek ordaintzea erabaki duten diruaren batez bestekoaren araberako prezioa dauka. Artikulua idazterako orduan 7,25 euroko prezioa duen arren, hori aldatuz joango da. Maila horretan Concerts, Snowfall, Natural Disasters eta Content Creator Pack: High-Tech Buildings deitutako DLCak daude.

16,50 euro ordainduta hirugarren eta azken mailako edukiak jasoko dituzte erosleek. Bertan Mass Transit, Green Cities, Industries, Campus, Content Creator Pack: Art Deco eta Content Creator Pack: European Suburbia gehigarriak sartu dituzte. 

Cities Skylinesek askotariko gehigarriak dituen arren, nabarmentzekoa da oinarrizko bideojokoa edukiz beteta dagoela. Halere, hirien gestioari hondamendi naturalak, herritarrek ikasketak gauzatzeko zentroak, zuzeneko kontzertuak eta beste hainbat elementu gehitzeko aukera ematen dute DLCek.

Eskaintza bereziak ekainaren 9a arte iraungo du. Humble Bundlek banatutako giltzak Steam plataformarako dira; bideojokoa erosiz gero bertan aktibatu behar dira. Beti bezala, eskaintzan bildutako diruaren kopuru bat ongintzarako erakundeei zuzenduta egongo da. Oraingo honetan Charity: water eta Whale and Dolphin Conservation erakundeek jasoko dute diru laguntza.

Cities Skylines euskaratzeko proiektua 

Game Erauntsia Elkartetik bideojokoak modu erraz batean euskaratzeko proiektuari ekin genion apirilean. Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako Batua.eus itzultzailea erabilita bideojokoetako testuak hartu eta automatikoki euskaratzeko aukera dugu. 

Cities Skylines da proiektuaren lehen froga gauzatzeko aukeratutako bideojokoa. Itzultzaile neuronalak bideojokoaren testu kateak modu automatikoan itzultzen dituen arren, bideojokozale euskaldunen komunitatearen laguntza behar-beharrezkoa dugu euskaratutako testuak egokiak diren baieztatzeko. 

Beraz, Humble Bundlea ikusita Cities Skylines erostea erabakiz gero, jakin bideojokoa euskaratzeko proiektuan parte hartu ahal duzula. Itzulpena bukatuta Paradoxen bideojokoa euskaraz jokatu ahalko dute horrela nahi dutenek: animatu zaitez euskaratze prozesuan laguntzera bideojoko gehiago gure hizkuntzan jokatu ahal izateko.