PS5, Xbox Series eta PC gailuetan estreinatuko da Sandfall Interactive-n lehen bideojokoa.
Clair Obscur: Expedition 33 interesgarria izan da Xbox Developer Direct ekitaldian erakutsitako laugarren bideojokoa. Prestatutako mundu bitxian murgiltzeko aukera eskaintzeaz gain, JRPG frantsesaren argitalpen data eskaini digute garatzaileek: apirilaren 24an hasiko da abentura.
Japoniarren RPG titulu klasikoak dira Sandfall Interactivekoen inspirazio iturria: Final Fantasy edo Persona aipatzen dituzte, baina beste hainbaten zantzuak ere ikus daitezke jokagarritasun bideoetan. Txandakako borrokak biziko ditugu, hortaz, baina eraso bereziak zein kontraerasoak gauzatzeko QTE ekintzak ere bete beharko dira.
Erakutsitako berritasunen artean, prestatutako mundu mapaz harro agertu dira frantsesak: FF edo Dragon Quest zaharretan ikusitako mundu mapa erraldoi zein sinpleen egitura hartu dute Clair Obscurrentzat, baina 3Detara eramanda. Horrela, gure pertsonaiak eskalan sortuta dagoen munduan zehar eramango ditugu.
Esploratzen eta aurkitzen ariko gara mapa honetan: bigarren mailako kobazuloekin eta bestelakoekin gurutzatuko gara gure abenturetan, altxorrak zein sariak eskuratuz, horietan barneratzea erabakitzen badugu. Kanpalekua ezartzeko aukera ere edukiko dugu, taldekideen arteko harremanak sendotzeko zein ekipamendua aldatzeko, adibidez.
Monoco eta Esquie izeneko pertsonaiak gehitu dituzte, gainera, Andy Serkis, Charlie Cox, Kirsty Rider, Shala Nyx eta Benn Starr bezalako aktore ezagunek antzeztutako protagonisten taldera. Lehena kontrolatzeko aukera izango dugu: abilezia berezien artean etsaiengan bihurtzekoa dauka, euren mugimenduak erabili ahal izateko.
Belle Époque frantsesaren estetika elementuak bereganatzen ditu bideojokoak, atal grafiko benetan berezia eratzeko: horretan sakontzeko aprobetxatu dute egileek aurkezpenean. Bukatzeko, narratiba sendoa agintzen digute: margolari misteriotsua geldiarazi beharko dugu, urtero zenbaki bat margotzen baitu adin horretako pertsona oro desagerraraziz. 33 da margotuko duen hurrengo zenbakia.
PlayStation 5, Xbox Series eta PC gailuetara helduko da Clair Obscur: Expedition 33 apirilaren 24an.
Iruzkinak