Kokaleku berria eta etsaiak, misioak, jantziak nahiz gehiago gehituko ditu. Bost milioi salmentak gainditu dituztela ospatzeko egin dute iragarpena.
Sandfall Interactive estudio frantsesak Clair Obscur: Expedition 33ren eduki berriak iragarri ditu. Doako gaurkotze handiarekin denetariko berritasunak gaineratuko dizkio aurten estreinatu duten JRPG arrakastatsuari.
Taldearen webgunean argitaratutako mezuan aipatzen denez, orain arte ikusi gabeko ingurunean barneratuko dira 33 espedizioko kideak. “Etsai berriak zein ezustekoak” aurkituko dituzte bertan, baina ez hori bakarrik: abentura bukatu dutenei zuzendutako buruzagien aurkako borroka zailak, taldekideentzako jantzi eta arropa berriak, lokalizazio gehiago —ez dugu euskara aurkituko, tamalez—, “eta gehiago” agintzen dituzte DLCarekin.
Musutruk, baina argitaratze datarik gabe: garatzaileek ez digute ezer adierazi adabakiaren kaleratze egunari buruz.
Albistea ospatzeko testuinguruan eman dute; izan ere, Expedition 33k bost milioi salmentak gainditu dituela ezagutzera eman du Sandfallek. Zifra ikaragarria, alde batetik, estudioaren lehen bideojokoa dela kontuan hartuta, eta, bestetik, askok Game Pass bezalako harpidetzetatik jokatuko zutela jakinda.
“Apirilean Clair Obscur: Expedition 33 kaleratu genuen. Bost hilabete beranduago, nazioartean bost milioi ale saldu ditugu”, diote. “Urteak eman ditugu gure ametsetako proiektuan lanean, eta munduko zaleek eman dioten harrera indartsua zoragarria eta izugarria da”. Etorkizunera begira ere jarri dira frantsesak: “Prestatzen gabiltzana zuoi eskaintzeko gogo gehiago ditugu orain!”.
Game Erauntsiako kideak ere txoratu ditu bideojokoak. Beñatek "ondo bildutako bideojokoa dela" azpimarratzen zuen bere analisian. Gure irratsaioan ekain aldera hitz egin genuen Expedition 33ri buruz. Haritzi ikaragarri gustatu zitzaion, nahiz eta ez den JRPG zalea: urteko jokorik onena dela zioen.
Orain, aipatutako eguneratzearen zain egon beharko dira jokoaz maitemindu direnak. PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan eskura daiteke Clair Obscur: Expedition 33.
Iruzkinak