Kokaleku koloretsu berria zein jantziak, erronkak eta buruzagiak dakartza. The Game Awards ekimenaren urteko bideojokorik onenaren saria irabazi du.

Sandfall Interactive estudio frantsesak Clair Obscur: Expedition 33 eguneratu du. Thank You izeneko doako adabakiarekin zaleak eskertu, eta eduki berriak gaineratu dizkio aurtengo JRPGari.

Dozenaka berritasun ikusiko ditugu gaurkotzearekin. Hasteko, orain arte bisitatu gabeko kokalekua: Verso-ren margoetan barneratuko gara erresuma koloretsu eta alaia esploratzeko.

Hala ere, bertan erronka eta arrisku berriak ere aurkituko dituzte protagonistek; are gehiago, amaigabeko dorrean jokoa bukatu dutenek orain arte agertu gabeko buruzagien aurka egingo dute. Hauek garaitzeak objektu eta jantzi berriak eskuratzea dakar.

Lorien Testard musikagileak konposatutako abesti eta doinu berriak entzungo ditugu erronka berrietan. Gainera, argazkilaritza modalitatea ere inplementatu dute.

Bizitza kalitate hobekuntzak, lokalizazio berriak eta PCko bertsiorako errendimendu areagotzeak zein aukerak (FSR4, adibidez) gaineratu dituzte, bukatzeko, dohainik argitaratu duten adabakiarekin.

Aipatutako guztia irabazi berri duten sariari lotuta dago; izan ere, goizaldean ospatutako The Game Awards sarietako hainbat kategoriatan irabazle atera da Clair Obscur: Expedition 33, urteko jokorik onenean (GOTY) barne.

Apirilean estreinatu zen JRPG frantsesak ikaragarrizko arrakasta lortu du, mundu osoko bideojokozaleen begiradak erakarrita. Game Erauntsiako kide Beñat maiteminduta agertu zen webgunean idatzitako analisian. Game Erauntsia irratsaioan izugarri gustatu zitzaiola aipatzen zigun Haritzek, berarentzat ere urteko jokorik onena dela adierazita.

PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan eskura daiteke Clair Obscur: Expedition 33.