PCan jokatu ahalko dugu, dohainik. Bakarrik bizi den amonaren abenturak jarraituko ditu.

Abentura grafikoen berpizkundea ikusten jarraitzen dugu. Hurrengoa berezitasun handiarekin dator euskaldunontzat: Clothes Line gure mintzairan kaleratuko du Indiefence taldeak.

Josune Amboage arduratu da euskarazko bertsioa prestatzeaz, jokoaren webgune ofizialean —hau ere, euskaraz— irakur dezakegunez.

Apirilaren 29an kaleratuko dute ordenagailuetarako. itch.io saltokiaren bitartez, eta dohainik jaitsi ahalko dugu. Rita izeneko amonaren rola jokatuko dugu: erretiro zoriontsua bizi du, bere katuarekin etxean sartuta eta jendearekin harremanik eduki gabe. Hala ere, hainbat urtez hutsik egon den aurreko etxebizitzak bizilagun berriak dituela jabetuko da… okerrena? Esekilekua partekatzen dutela.

Indiefencekoek diotenez, abentura grafikoak arrotz egiten zaizkienentzat jokatzeko moduko jokoa eratu dute; are gehiago, generoan barneratzeko aproposa izan daitekeela aldarrikatzen dute. Era berean, generoko adituek ere goza dezaketen lana dela diote, “proposamen sinple” batetik abiatuta “gutxinaka handitzen doan zailtasun kurba” eskainiz.

Eskuz marraztutako zein animatutako grafikoak osatu dituzte garatzaileek, 11 kantu biltzen dituen berezko soinu bandarekin batera. Umore kutsuarekin aipatzen dutenez, ez ditugu beste abentura grafikoei edo bideojokoei egindako keinurik edo aipamenik aurkituko Clothes Linen.

AdventureJam 2023 abentura grafikoei zuzendutako Game Jam ekimenean hasitako proiektua da Clothes Line. Hasi, baina ez bukatu: jokoa “ezin izan zuten garaiz amaitu”. Hala ere, ganorazko obra prestatu nahi zutenez, Game Jamaren ondoren garapenarekin jarraitu zuten, “parte hartu zuten pertsona guztien lanari balioa emateko”.

Clothes Line apirilaren 29an estreinatuko da, euskaraz eta doan, PCrako.