Claymore Game Studios arduratuko da 2. Mundu Gerrako talde bereziaren joko berria garatzeaz. Aurretik, Commandos originalen bermasterizazioak garatu zituen Kalypsok.
Estrategia taktiko frankiziarik ezagunenetako batek atal berria jasoko du ia 20 urteren ondoren. Commandos mitikoen jarraipena, edo, hobeto esanda, prekuela da Origins: Jack O’Hara txapel berdearen talde bereziaren hastapenak kontatuko ditu.
Iragarpen trailerrean jokoaren lehen irudiak ikus ditzakegu. Agerikoa denez, Pyro Studios espainiarrak duela bi hamarkada baino gehiago argitaratutako jokoen oinarriak eta mekanikak errespetatuko ditu Originsek; hau da, estratregia eta ikuspegi isometrikoa mantenduko dira, kontrolatu beharreko talde anitzarekin batera.
Kalypsokoek txapel berdea, zulatzailea eta euren taldekideak itzuliko direla agindu dute. Horrela, aditu bakoitzaren berezitasunez baliatu beharko gara misio desberdinetan aurrera egin ahal izateko: batzuk tiroketetan espezializatuko dira, baina beste zenbait isilpeko lanetarako aproposagoak izango dira.
Taldearekin hamar misio baino gehiago gainditu beharko ditugu: artikotik basamortu afrikarrera bidaiatuko dugula diote egileek. Hauek bakarka zein taldeka jokatuko ditugu; izan ere, tokiko zein online kooperatiboa eskainiko ditu Originsek.
Azken urteetan berpizkundea ikusi du Commandos sagak. Origins aurretik Pyro Studiosen bigarren eta hirugarren atalak bermasterizatu zituzten Kalypsotik HD Remaster azpitituluekin.
Origins datorren urtean merkaturatuko da, baina oraindik ez dugu egun zehatza ezagutzen. Hori bai, plataformak baieztatu dituzte Kalypsokoek: PCan jokatu ahalko dugu, noski, baita PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan ere.
Iruzkinak