Relic Entertainment-en estrategia jokoa aurten argitaratzea aurreikusita zegoen. Zuzentzeko akatsak dituztela nabarmendu dute.
Segak jakitera eman duenez, Company of Heroes 3 berandutzeko erabakia hartu dute. Relic Entertainment estudioa garatzen ari den titulua 2023ko otsailaren 23an merkaturatuko dute azkenik.
Bideojokoa aurtengo azaroaren 17an kaleratuko zutela iragarrita zeukaten aurretik. Dirudienez, hainbat oztoporekin eta akatsekin topo egin dute: “Gure taldeak erabaki duenez, jokoa ez dago ez jokalarien mailara, ez guk eskatzen dugun maila propiora“, adierazi dute Relicekoek sare sozialen bidez zabaldutako prentsa oharrean.
Hori bai, mezua irakurrita bideojokoa berez bukatuta dagoela pentsa daiteke. “Zanpatzeko akatsak, fintzeko pixelak, zuzentzeko jokagarritasuna eta artatzeko iruzkinak daude oraindik”. Oinarria badute jada beraz, baina orain azken zuzenketak egitea geratzen zaie.
Jokalariak “zain” daudela jakin arren, erabakirik aproposena izan dela diote garatzaileek. “Gure talde gogorrari nahiz gure bazkideei CoH3 egoera orokor hobean eskaintzeko aukera ematen digu”.
Bigarren Mundu Gerrako guda zelaietara eramango gaitu estrategia lanak. Zehazki, mediterraneotik ibiliko gara: Italia edo Ipar Afrika dira hirugarren atalerako hautatutako tokietako batzuk. Ohi bezala, eskuadroien kontrola hartuko dugu gure taktikak gauzatzeko. Mapetan suntsitzeko prest egongo diren elementuak nabarmentzen dituzte Relicekoek: gure bidea zabaltzeko plan aproposa izango da inguruneak deuseztatzea.
Esan bezala, Company of Heroes 3 2023ko otsailaren 23an kaleratuko da. PC-ko esklusiboa izango da, eta, momentuz, Steam bidez merkaturatuko dute Segakoek.
Iruzkinak