Estrategiazko saga ezagunaren hirugarren atala berriz girotuko da Bigarren Mundu Gerran. PC-rako soilik merkaturatuko dute.
Microsoft-en Age of Empires IV-k estrategiazko urrezko garaira bueltatuko ditu jokalariak, baina ez da generoko klasikoen artean atal berria jasoko duen bideo-jokoa izango. Relic Entertainmentek SEGAren babespean bere Company of Heroes sagaren hirugarren atala prestatzen ari dela baieztatu du.
Bigarren atalean Errusia bisitatu ondoren, mediterraneo itsasora lekualdatuko dira gudak Company of Heroes 3n. Italia eta Afrikako iparraldean biziko dira bertako borroka latzak, betiere Bigarren Mundu Gerrako girotzearekin. Mapa erraldoia agindu dute Reliceko arduradunek, eta Total War bezalako jokoak gogora ekarriko ditu. Bertan jokalariek erabaki garrantzitsuak hartu beharko dituzte gerra irabazi nahi badute.
Mapan gertaerak txandaka emango dira, baina behin misio bat aukeratuta denbora errealean jokatuko dira, ohi bezala. Soldaduak, tankeak eta era guztietako ibilgailuak sortu eta kontrolatuko dituzte jokalariek, bakoitza bere indargune eta ahulguneekin.
Essence deitutako motor grafikoarekin eratu dute estrategia jokoaren atal teknikoa. Hau AoE IVn erabiltzen ari diren berbera da, hain zuzen ere: atal grafiko ikusgarriarekin batera suntsipen xehetasun maila ikaragarria erakutsiko du bideo-jokoak. DirectX 12-rako optimizatuta egongo dela aurreratu dute gainera.
Estrategiazko jokoekin orokorrean gertatzen den bezala, Company of Heroes 3 PCrako esklusiboki prestatzen ari dira: Steam bidez kaleratuko dute. Argitaratze data, baina, zehaztu gabe uztea erabaki dute Relicekoek: 2022 bukaerarako prest edukitzea aurreikusten dute.
Iruzkinak