Doako demoarekin argitaratu da froga egin nahi dutenentzat. Hitman 3 modu berean estreinatuko da 2021ean.

Ustekabean emandako azken Nintendo Direct Miniak espero gabeko hainbat bideojoko iragartzeko balio izan du. Horien artean Nintendo Switchari teknikoki handi geratzen zaizkion jokoak egon dira: Remedy Entertainmenten Control laino bidezko jokoa erabilita jokatuko da kontsola hibridoan.

Laino bidezko jokoak Interneteko konexio egonkor eta azkarra beharrezkoa du. Jokoa ez da kontsolan exekutatuko, streaming bidez egingo baita prozesu guztia. Arduradunek azaltzen dutenez, “konexioa egonkorra ez baldin baduzu zerbitzua deskonektatu egingo da”.

Remedyren akziozko jokoa erosi gabe streamingaren nondik norakoak ikusi nahi dituztenek doako frogarekin egiteko aukera dute. eShopetik jaitsi daiteke demoa.

Control Ultimate Edition: Cloud Version iragartzearekin batera argitaratu zen; jokatzeko prest dago. Bertsio horrek DLC guztiak dakartza.

Hitman ere lainotik

Remedyrena ez da izango laino bidez jokatuko den Switcheko obra bakarra. Datorren urtean estreinatuko den Hitman 3 Cloud Versionek modu berean funtzionatuko du.

Hitman saga Nintendoren kontsola batera iritsiko den lehen aldia izango da. 47 agentearen abenturan kokaleku erraldoietan zehar hainbat misio bete beharko dira.

Controlekin aipatutako baldintza berberak edukiko ditu IO Interactiven jokoak: Interneteko konexio egonkor eta azkarra ezinbestekoak izango dira modu egokian jokatzeko.

Switcheko bertsioak ez du argitaratze zehatzik jaso. PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox Oneko bertsioak, baina, urtarrilaren 20an argitaratuko dira.