Dylan Faden izango da protagonista berria. PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan argitaratuko du Remedy Entertainment-ek datorren urtean.
Controlen jarraipena ezagutarazi du Remedy Entertainment taldeak The Game Awards ekimenean. Control Resonant izenarekin, lehen jokoaren mekanikak eraldatuko ditu, hack and slash erako pertsonaia bidezko akzio joko bilakatuz.
Federal Bureau of Control (FBC) bulegoetatik irten, eta moldatutako zein transformatutako errealitatea zeharkatuko du protagonista berriak: Dylan Faden kontrolatuko dute jokalariek oraingoen, Jesse Fadenen neba, hain zuzen.
Bideo zinematikoaren bukaeran ikusi ditugu lehen jokagarritasun irudiak. Dylanek Aberrant deitutako indar objektu aldakorra —mailu itxura hartzen du, besteak beste— erabiliko duela ageri da horietan, Devil May Cry edo NieR estiloko bideojokoetako kolpeak eta konboak jaurtita.
Bulegoetatik at joango bagara ere, Controlen estetika eta efektu ikusgarriak mantenduko dituzte Remedykoek, noski. Oraingoan eraldatutako Manhattan hiria izango da protagonista: naturaz gaindiko indarrek hartu ondoren, Inception filma gogorarazten duen errealitatean barrena ibiliko gara protagonistarekin.
2026rako prest egongo dela agindu digute egileek; plataformei dagokienez, PCan —Steam-en ikusiko dugu, ez baitu Epic-ek argitaratzen— zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan argitaratuko da Control Resonant.
Lander Unzueta
Iruzkinak