Dylan Faden amesgaiztoko Manhattan irlan barneratuko da aurten. PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan jokatu ahalko da.

Remedy Entertainment talde finlandiarrak Control Resonant abenturaren lehen jokagarritasun bideoa erakutsi du State of Play zuzenekoan.

Iazko The Game Awards jaialdian ezagutu genuen Control arrakastatsuaren jarraipena. Berritasun handiak dakartza, ordea: protagonista aldaketarekin, beste genero batera igaroko dira oraingoan: hack and slash tituluaren aurrean gaude.

Trailerrak mekanikak eta dueluen ezaugarriak aditzera eman ditu. Aberrant indar objektu aldakorra eskuan hartuta, mailua edo bestelako objektuak erabiltzeko ahalmena dauka Dylan Faden protagonistak. Devil May Cry edo Bayonetta gogora ekartzen dituen borroka dinamikoetan ariko da arerioen aurka, hauek airean jaurtita konboak burutzeko edo saiheste bizkorrak erabilita.

Egileek aipatu duten mekanika garrantzitsua grabitatea kontrolatzearena da. Gravity Rush bideojokoetan egin bezala, lurra eraikinen hormengatik edo sabaiengatik truka dezakegu, plataforma bezala erabiltzeko, baina baita objektuak eta bestelakoak mugiarazteko. Abilezia honekin borrokak beste dimentsio batera igaroko dira, fisikekin jokatzea arerio batzuei aurre egiteko beharrezkoa izango baita.

Resonant motako buruzagia agertzen da jokagarritasun bideoaren bukaeran; hauek garaituz gero, abilezia berriak eskuratuko ditu protagonistak, mundua are gehiago eraldatzeko ahalmena lortuta.

Aurten estreinatuko da, dena ondo badoa, Control Resonant: PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetarako prestatzen ari da Remedy.