Udan kaleratuko dute hainbat berritasunekin: Source 2 motor grafikoarekin funtzionatuko du.
Counter-Strike berriaren inguruko zurrumurruak entzuten ibili gara egunotan, eta Valvek baieztatu egin ditu azkenik. Counter-Strike 2 ofizialki aurkeztu dute Gabe Newell-en taldekoek; CS: Global Offensive arrakastatsuaren doako eguneratzea da.
Uda honetan estreinatuko da, eta, CS: GO bezala, dohainik jokatu ahalko da ordenagailuetan Steam plataforma bidez. Agerikoa denez, Counter oraingo moduan mantenduko dute. Non daude ba aldaketa esanguratsuak? Tiro joko ezaguna Source 2 motor grafikoa erabilita zaharberrituko dute, arduradunek jakitera eman dutenez —hortik dator CS2 izena—.
Bideojokoak ekarriko dituen berritasunak ezagutzera emateko hiru bideo prestatu dituzte arduradunek. Lehenengoa, eta, jokagarritasun aldetik garrantzitsuenetakoa, horren erabiliak diren ke granadei lotutakoa da: jaurtitzen duten kea dinamikoa izango da. Aldaketa txiki honek partida zeharo moldatuko ditu: adibidez, granada normala jaurtita kea erabat barreiatzea posible izango da, honen efektua galarazita.
Efektu bolumetrikoak edukiko dituztenez, argiztapenak zein tiro egindako balek ere eragina edukiko dute kean; ez hori bakarrik, kokalekuetako elementuekin modu dinamikoan elkarreragingo du. Bukatzeko, jokalari guztiek kea modu berean ikusiko dute; beraz, abantailak zein desabantailak desagertaraztea lortuko dute Valvekoek.
Bigarren berrikuntzak tickrate doilorrarekin zerikusia dauka. Bideoan azaltzen dutenez, zerbitzariek jokalarien ekintza kalkulatzeko epea da tick horiena. Mugimendu eta tiro batzuk tick horien artean gertatzen zirenez, partidetan akats txikiak ikus genitzakeen. Hori zuzentzeko asmoz azpitickak gehituko dituzte: jokalari guztiek burututako ekintzak erregistratuko ditu orain zerbitzariak. “Ikusten duzuna, lortzen duzuna izango da”, diote Valvekoek.
Azken bideoan mapa eta kokaleku eraberrituak ikusteko aukera daukagu. Overpass, Italy, Dust eta beste klasikoak itzuliko dira, zelan ez, baina partidak hobetzeko aldaketa txiki zein handiak erakutsiko dituzte. Aldakuntzak hiru mailatan banatu dira. Touchstone mapak betikoak dira, baina argiztapen eta testura hobekuntzekin; Upgrades mapekin antzekoa gertatzen da, baina atal grafikoan jaso dituzten eraldaketak are nabarmenagoak dira; bukatzeko, Overhaul mapak ditugu, zerotik sortutako gudu zelaiak. Azken hauek maparik zaharrenak izango dira.
Guneotako aldaketak, begiratu batean, ez dira oso esanguratsuak. Hala ere, Valvetik mugimenduak eta jazoerak irakurterrazagoak izateko tresnak eta teknikak inplementatu dituztela diote: “Ezaguna ere guztiz berria dela sentituko dugu”.
Efektuak, interfazea, elementu bisualak eta bestelakoak eguneratuko dira tiro jokoan. Sortzaileen komunitateari ere tresnak emango dizkiotela azpimarratu dute bideoan. Source 2k eskainitako erremintekin Counterren mapak eratzeari ekin ahalko diote, aspaldi egin bezala. Baliabideen Workshop-a laster iritsiko dela jakinarazi dute.
Laburbilduz, “Counter-Striken historiako aurrerapen teknikoa garrantzitsuena” izango dela aldarrikatzen dute garatzaileek. Aipatutakoak ez dira berrikuntza bakarrak izango, ordea: laster are bideo gehiago argitaratzeko asmoa daukate.
Hauek guztiak probatzeko beta abiatu dute jadanik: jokalari gutxi batzuek baino ezin dezakete parte hartu. Erabiltzaileak onartzeko hainbat faktore dituzte kontuan, Steamen azaldu dutenez: Valven zerbitzari ofizialetan jokatzen emandako denbora, Steameko erabiltzailearen egoera, eta, zelan ez, kaleratzerik jasan ez izana. Azken horri lotuta, VAC kaleratzeak mantendu egingo dira CS: GOtik CS2ra.
CS2k ekarriko dituenekin amaitzeko, bai, CS: GOn erosi eta lortu ditugun inbentarioko elementu guztiak joko berrira igaroko dira.
Zenbait jokalari betaz gozatzen hasi badira ere ez du askorik itxaron beharko Counter-Strike 2 ofizialki kaleratuta ikusteko; esan bezala, 2023ko udan argitaratuko dute eguneraketa.
Iruzkinak