Doako tiro jokoa aurrekoaren ezaugarri berberekin estreinatu da, hutsuneren bat edo beste alboratuz. Source 2 garapen motorearekin egindakoa da.

Egun eta aro berria hasi dira Counterrentzat. Valvek Counter-Strike 2 desiratua ofizialki kaleratu du: Steam-eko erabiltzaile orok jaitsi eta joka dezake dagoeneko.

Behin betiko bertsioaren kaleratzea ez da ezustekoa inorentzat. Valvek udan argitaratuko zuela adierazi zuen, baina beti bezala euren denbora behar izan dute guztia fintzeko. Martxoan iragarri zutenetik beta itxian zegoen tiro jokoa, jokalarien feedbacka jasoz eta akatsak zuzenduz.

Azkenik, pasa den astean giroa berotzen hasi ziren, eta azken egunotan zenbat keinu egin ondoren —The Legend of Zelda: Majora’s Mask erabilita, nork esango luke—, argitalpen trailerrarekin estreinatu dute eguneraketa handia.

Izan ere, horixe da CS2: aurreko Global Offensive-n eguneratzea. Oinarri berberak mantentzen ditu: jokagarritasuna, mapak, modalitateak, azalak… Hala ere, gabeziaren bat edo beste hauteman dute beteranoek: esaterako, Danger Zone bezalako joko motak iritsi gabe geratu dira beta ostean.

Zeintzuk dira orduan berritasunak? Esanguratsuena atal estetiko zein tekniko eraberrituak dira. CS koloretsuagoa ikusiko dugu, pantailan gertatzen dena ulertzea errazagoa eginez. Grafiko itxurosoagoen atzean dagoena da garrantzitsuena, baina: Source 2 garapen motorea erabilita goitik behera zaharberritu dute bideojokoa.

Bestalde, efektu bolumetrikodun ke dinamikoa, azpitick-ak tickrate-an, mapa zein kokaleku eraberrituak ikusiko ditugu CS2n. Efektuak eta soinuak hobetzeko lana ere egin dute Valvekoek.

Doako bideojokoa izaten jarraitzen du Counterrek; hortaz, Steamen sartu, bere fitxara joan, eta ezer ordaindu gabe jokatzen has zaitezke.

 

Txapelketa Bergaran!

Une honen zain egon da Game Erauntsia Elkartea Bergarako Udalarekin batera antolatutako CS2 Wolfram 2023 txapelketa iragartzeko.

Izen ematea abiatuko dugu: gaur bertan argitaratuko dugu txapelketaren fitxa ofiziala informazio guztiarekin. Kanporaketa fasea online jokatuko da urrian; finalerdiak eta final handia, berriz, Bergaran lehiatuko dira azaroaren 4an.