Etorkizunean PCko bertsioa ere kaleratuko dutela baieztatu du Activisionek.

Urrian aurreko belaunaldiko kontsoletan estreinatu zen Crash Bandicoot 4: It’s About Time PlayStation 5, Xbox Series eta Nintendo Switchean ere jokatu ahalko dela iragarri dute arduradunek. Martxoaren 12an estreinatuko da gainerako plataforma horietan.

Belaunaldi berriko kontsoletarako bertsioak atal teknikoan hobekuntzak edukiko ditu. 4K-ko bereizmenean eta 60 fps-tara jokatuko da PS5ean eta Xbox Seriesetan; aurreko kontsoletan 1080p-ra eta 30 bat fps-tara jokatu zitekeen, beraz hobekuntza nabarmena izango da.

Jokoa dagoeneko erosita baldin baduzu belaunaldi berriko kontsolarako bertsioa doan jasoko duzu. PS5aren kasuan diskoa erabilita edo Storetik aktibatuta eskuratuko da, eta Xbox Seriesetan Smart Delivery funtzioarekin jokatu ahalko da.

Switchean, berriz, 30 irudi segundoko tasa mantentzeko jokoaren atal grafikoan murrizketak egingo dituzte. Hori horrela, dock moduan jokatzerakoan 1080p-tako bereizmenan edukiko du, eta 720p-koa modu eramangarrian.

Argitaratze data zehatzik gabe, aurten PCko bertsioa ere argitaratuko dutela baieztatu dute garatzaileek. Battle.net plataformaren bidez kaleratuko dute.