Sapporo Studio taldea arduratuko da taxien saga eroa berreskuratzeaz. Oraindik ez dauka argitaratze datarik.

Crazy Taxi berria prestatzen ari dela iragarri zuen Segak iazko The Game Awards sarien aurkezpenean, eta horri lotutako xehetasun gehiago eskaini ditu orain. Dirudienez, ez dugu taxien joko txikirik ikusiko: multijokalarira bideratutako mundu irekiko AAA titulua dela diote japoniarrek.

Kenji Kanno ekoizleari egindako elkarrizketan entzun ditugu adierazpenok. Crazy Taxiren jatorrizko jokagarritasuna eta estiloa mantentzea da Segaren helburu nagusia, aldi berean berritasunak inplementatuta.

Zerbitzu motako bideojokoaren aurrean gaudela esan dezakegu, hortaz. Itxura batean ez dauka zentzurik Crazy Taxi batentzat, baina zaleak dagoeneko jokoaren balizko mekaniken inguruan hausnartzen hasi dira: battle royale estiloko taxien duelu masiboek badute lekua jokalarien bihotzetan.

Izan ere, aurretik ere multijokalari elementuak ikusi izan ditugu frankizian: PSPko Crazy Taxi: Fare Wars-en kasua, adibidez. Diru gutxien biltzea lortzen zuten taxi gidariak jokotik kanporatuak izaten ziren, oinarrizko premisa mantentzen zuen modalitate dibertigarria sortuz.

Taxi jokoen klonek ere pantaila zatitutako partidak proposatzen izan dizkigute: The Simpsons: Road Rage-n bezeroak lapurtzen ibiltzen ginen beste jokalariaren autoaren aurka talka eginez.

Sega Sapporo Studio ari da Crazy Taxi berria garatzen. Oraindik ez daukagu argitaratze datarik, ezta baieztatutako plataformarik ere: bideo berriak ikusteko eta jokatzeko itxaron beharko dugu, beraz.

 

Jet Set Radio, Golden Axe, Shinobi eta Streets of Rage

Crazy Taxi ez da, ordea, Segak berreskuratu gura duen saga klasikoetako bat. Jet Set Radio, Golden Axe, Shinobi eta Streets of Rage bezalako frankizia mitikoak berpizteko lanean dabil taxien jokoekin batera.

Jokooi buruzko albiste edo irudi gutxi ikusi dugu joan den urte bukaeratik hona, baina egunotan Jet Set Radioren atal berria azaleratu da berriz sarean, bidean hainbat irudi utzita:

Iturrien arabera, bi joko desberdin ikusi genituzke: alde batetik, mundu irekiko berregitea, eta, bestetik, doako formatua erabiliko duen berrabiatzea.

Unreal Engine 5 garapen motorea erabiltzen dabiltza japoniarrak grafitiz betetako cel shading estiloko hiria sortzeko: zurrumurruek diotenez, bi jokoek antzeko estetika edukiko lukete.

Gainerako jokoen bideo motzak ikusi genituen, baita The Game Awards sarietan: