Eguneratutako grafikoekin eta kontrolekin zein bestelako gehigarriekin argitaratuko du Argonaut Games-ek. Kontsoletara zein PCra iritsiko zaigu, GOG bidez azken honetan.
Croc: Legend of the Gobbos 1997. urteko plataforma abenturaren birmasterizazioa apirilaren 2an jasoko dugu azkenik, Argonaut Games estudioak baieztatu duenez.
2024 bukaerarako aurreikusita zegoen remaster-a PlayStation originalean ikusi genuen jatorriz, Sega Saturn eta PC bertsioekin batera. Super Mario 64n ikusitako 3D plataforma mekanikak hartzen zituen, Croc krokodiloarekin gobbo izeneko izakiak salbatzeko helburua jarrita.
45 maila, bost mundu eta erronka mordoa agintzen ditu Croc maitatuak. Saltoka, puzzleak gainditzen eta buruzagien aurkako borroketan parte hartzen ariko gara berriz, oraingoan txukundutako nahiz gaurkotutako atal grafikoarekin. Originaleko modeloak eta efektuak mantentzen badira ere, hauek pixkat hobetu dituzte; gainera, aregotutako bereizmenarekin jokatuko dugu.
Are garrantzitsuagoak dira, ziurrenik, eguneratutako kontrolak: kamera sistema zaharberrituarekin batera gaur egungo aginteetara moldatu dituzte.
Zaleen gozamenerako Crocipedia deitutakoa ikusiko dugu. Garapen prozesuaren irudiak, bideoak zein txostenak aurkituko ditugu birmasterizazioan, baita jatorrizkoaren garatzaileei egindako elkarrizketak ere.
Kontsola nagusi guztietan merkaturatuko da Croc: Legend of the Gobbosen birmasterizazioa. PlayStation, Nintendo eta Xbox gailuetan jokatzeaz gain, PCan ere ikusiko dugu; hala eta guztiz ere, GOG saltoki bidez baino ez da estreinatuko, baina birmasterizazioa erosten dutenek jatorrizko jokoa ere jasoko dute.
Iruzkinak