Mongoose Rodeo estudioak Hollow Knight eta Bloodborne batuko ditu. PC-ra iritsiko da, gutxienez, datorren urtean.
Joan den urte bukaeran ezagutu genuen Crowsworn itxurosoa: horren entzutetsuak diren metroidvania independenteetako bat da, baina bere atal grafiko eta mekanika ikusgarriekin gure arreta erakartzea lortu zuen Mongoose Rodeoren proiektuak. Kickstarter kanpainatik urtebete igaro dela —oraindik ez— ospatzeko, trailer berria prestatu dute arduradunek.
Argi geratzen denez, Team Cherry-ko australiarren Hollow Knight bikainaren pausoak jarraituko ditu Crowswornek. Bi dimentsioko jokagarritasun bizia eta dinamikoa eskainiko ditu eskuz marraztutako atal estetiko ederrarekin batera.
Bideoan gune, etsai nahiz mugimendu berriak ikusi ahal izan ditugu. Dueluetan saihesteak nagusi izango direla dirudi, baina gure protagonistak eraso egiteko edukiko dituen ahalmen desberdinak ere aipatzekoak dira. Soinganeko gorriarekin eta abileziekin —batez ere pistolekin— Devil May Cry sagako Dante Sparda gogora ekartzen du; ez da harritzekoa, jokoaren beste inspirazio iturrietako bat izan baita.
Etsai nagusiak ere agertu dira trailerrean: mekanika anitzak eta erronkariak erabiliko dituztela dirudi. 120 bat aurkari arrunt eta 30 etsai nagusi agindu dituzte garatzaileek.
Plataformentzako tokia ere egongo da, gainera. Ikusten denez, oztopoen gainean errebotatuz, airean bulkadak eginez eta bestelakoak burutuz ibiliko gara atal zailok gainditzeko. Eraso berezi ikusgarriak nabarmentzekoak dira: animazio itzelak izango dituzte
Gure pertsonaia indartzeko mentaketa izango da baliabide nagusia. Talisman bezala funtzionatuko dute protagonistaren gorputzean kokatuko ditugun beso zein hanka desberdinek: osasun berreskuratzea, inbokazioak eta askoz gehiago egiteko ahalmena eskainiko digute.
Metroidvania bat izanik, nola ez, Fearanndal erresumak osatuko duen mundu zabala esploratzeari ekingo diogu; madarikazio beldurgarriari konponbidea aurkitzea izango da gure helburu nagusia. Istorio sakona eta interesgarria prestatzen ari dira, gainera.
Ia 1.000.000 euro bildu zituzten iaz egindako Kickstarter kanpainan jokoaren garapena ziurtatzeko. Besteak beste, animazio zinematikak —gaurko bideoan ikus daiteke alor horretako pixkat—, doako eduki gehigarriak eta espantsioak, bikoizketa edo joko mota desberdinak ahalbidetzeko balio izan dizkie finantzaketa kanpainak.
Crowsworn ez dauka argitaratze data zehatzik oraindik: datorren urtean kaleratzea aurreikusten dute Mongoosekoek, baina ikusteko dago ea hori betetzeko gai diren. Plataformei dagokienez, PCra iritsiko dela dakigu; hala eta guztiz ere, jokoa kontsola nagusietan merkaturatzeko asmoa ere agertu dute.
Iruzkinak