Orain arte argitaratutako eduki gehigarri guztiak bilduko dituzte kontsoletako bertsioek. Estrategia joko ezaguna 2020an kaleratu zen ordenagailuetan.
Paradox Interactive-k Crusader Kings III estrategia jokoaren kontsoletako bertsioaren argitaratze data baieztatu du. Belaunaldi berriko kontsoletan soilik merkaturatuko da martxoaren 29an; hau da, PlayStation 5ean eta Xbox Seriesetan gozatu ahalko da. Microsoft-en kontsolako erabiltzaileek Xbox Game Pass harpidetza zerbitzutik jokatzeko aukera edukiko dute.
Gestio eta konkista lanak burutzeko bideo-jokoaren kontrolak aginteekin jokatzeko egokituko dituzte Paradoxekoek. Arduradunek azaldu dutenez, “interfazea eta aginteak pantaila handiagoetarako eta eskuetarako moldatu dira”.
Aldaketa hauez gain, belaunaldi berriak erabiltzen dituen SSD disko gogorren abiadurak aprobetxatuko dituztela ziurtatu dute; modu horretara, karga denbora murriztuak ikusiko dituzte kontsoletako jokalariek. PS5eko bertsioaren kasuan, DualSense agintearen berezitasunez baliatuko dira, gainera: pertsonaien estres mailak sentiaraziko dituzte kolpekarien bitartez.
Orain hilabete batzuk zabaldu ziren bertsio hauen lehen zurrumurruak; izan ere, Taiwango jokoen adinkako sailkapenaren erakundeak Crusader Kings III-ren kontsoletarako port-ak zerrendatu zituen. Hori bai, belaunaldi berriaz gain Xbox One-ko bertsioa azaltzen zen bertan; hortaz, ikusteko dago Microsoft-en aurreko kontsolarentzako moldatzen dabiltzan.
1.5 eguneraketa iragarri dute kontsoletarako merkaturatzearekin batera. Sexu bereko pertsonekin ezkontzeko aukera gehituko du, besteak beste; orain arte mod-en bidez erabili zitekeen ezaugarri hau. Adabakia The Royal Court deitutako ordainpeko DLC-arekin batera estreinatuko da otsailaren 8an.
Crusader Kings III martxoaren 29an argitaratuko da PS5ean eta Xbox Seriesetan. PCko bertsioa dagoeneko eskuratu daiteke, bai Steam bidez, bai Game Pass bidez.
Iruzkinak