Mailen editorea, erritmo gabeko joko mota eta askoz gehiago gaineratu dituzte. Azken adabakia orain bost urte argitaratu zuten Brace Yourself Games estudiokoek.
“Crypt of the NecroDancerrek eguneraketa berria jaso du. Eta handietako bat da”. Horrela, ustekabean zaharberritu dute Brace Yourself Gamesekoek euren obra ezaguna. 1.721 egunen ondoren, erritmo eta akzio joko apartarentzat eguneraketa prestatu dute: 3.0 adabakia doakoa da, eta dozenaka berritasun eta hobekuntza gehitu dizkio 2015ean argitaratutako tituluari.
Goazen esanguratsuenak errepasatzera. No Beat Mode deitutako joko mota prestatu dute garatzaileek. Zer da hau? Jokoa ezagutzen duzuenok —edo The Legend of Zelda-rekin batera egindako Cadence of Hyrule— ondo jakingo duzue zertan datzan: mugitzeko zein erasotzeko musikaren erritmora aritu beharko gara. Tempoa jarraitzea ezinbestekoa izango da ekintzak egiteko; joko mota berri honekin hori aldatu egingo dute, eta norbere erritmora jokatu ahalko dugu. Horixe bera egin zezakeen bardoaren pertsonaiak; orain, protagonista guztiekin egitea ahalbidetu dute. Modu batean, zailtasun maila errazean jokatzea eskaini dute.
Edozein unetan partida gorde eta jokoa ixteko ezaugarria ere jaso du jokoak. Aldi berean, karga denborak murriztu dituztela aipatzen dute arduradunek. Steam Deck-arentzako euskarria, eta beste hainbat hobekuntza txiki zein garrantzitsu prestatu dituzte, bukatzeko.
Hala ere, aipatzeko ezaugarri gehiago izendatzen dituzte Steameko artikuluan. Joko kooperatiboa hobetu, eta errepikapenen sistema zaharberritua garatu dute. Mod-en sistema ere aldatu dute: orain hainbat mod karga daitezke une berean, eta inoiz baino erosoagoa da hauek erabiltzea.
Aurretik erabil zitekeen mailen editorea da 3.0 adabakiaren beste izarretako bat: hainbat hobekuntza iritsi dira honetara. Jokalariek euren kokaleku propioak sortzeko dozenaka tresna eta baliabide jaso dituzte eguneraketarekin. Horiek, gainera saguaren ezarri ditzakete orain, prozesua bizkortuz.
Ikustekoa denez, aldaketen eta nobedadeen zerrenda erraldoia da: guztiak Steamen zehaztu dituzte Brace Yourself Gamesekoek. Crypt of the NecroDancer PC, PS4 eta Switch plataformetan joka daiteke.
Iruzkinak