“Nano gudu zelai berria” prestatzen dabiltzala aurreratu dute BiliBili sare sozialean.

[EGUNERAKETA] Ofizialki iragarri dute jada Crytek-ekoek. Crysis 4 aurrerapen labur batekin aurkeztu dute: "batu bidaira, izan heroia" leloaren izenpean, xehetasun gutxi eskaini dituzte. Ez dituzte, adibidez, argitaratze data zein plataformak baieztatu.

[Jatorrizko albistea] Crysis tiro jokoen saga ezagunak bizirik jarraitzen duela dirudi. Crytek-en Txinako sare sozialetako irudi batek baieztatu du sagako laugarren jokoa: Crysis 4 filtratu dute arduradunek.

Eurogamer hedabideak zabaldu du albistea. Dirudienez, BiliBili sare sozial txinatarrean agertu da irudia; arduradunek dagoeneko ezabatu dute. Irudiarekin batera zabaldutako mezuan “nano gudu zelai berria” prestatzen dabiltzala irakur zitekeen, “Crysis 4 proiektua martxan dagoela” adierazita.

Etorkizunean berri gehiago ere agindu dituzte mezu berean, beraz iragarpena xehetasun askorik gabekoa izango dela pentsa daiteke. Dena den, filtrazioa ikusita laster aurkeztuko dutela dirudi.

Sagako azken jokoa, Crysis 3, 2013an kaleratu zuten Crytekekoek: garaiko PlayStation 3 eta Xbox 360 kontsoletan estreinatu zen, PC-ko bertsioarekin batera. Orain gutxi aurreko joko guztien birmasterizazioak prestatu dituzte, baina: joan den urtean kaleratuko zuten Crysis Remastered Trilogy.