Birmasterizazioaren trailerra filtratuta, zaleek emandako erantzun txarraren ondorioz hartu du erabakia Crytekek.
Crysis Remastered ez da uztailaren 23an kaleratuko. Crytekek bideojokoa oraindik zehaztu gabeko egun batera atzeratzeko erabakia hartu du tiro jokoen sagaren zaleen kritikak jaso ondoren.
Izan ere, gaur gameplayaren iragarpen ofiziala egitekotan ziren; atzo arratsaldean filtratu zen trailerra, eta bideojokozaleak ez dira batere pozik geratu ikusitakoarekin. Atal grafikoak ez du hobekuntza handirik jasan 2007an argitaratutako jatorrizko jokoaren aldean.
Birmasterizazioaren arduradunak, erantzun txarra ikusita, prentsa ohar bat zabaldu dute Twitter bidez. “Zaleen erreakzio guztiak ikusi ditugu -onak eta txarrak- eta jakin dezazu entzuten gabiltzala”, aldarrikatu dute. Hori dela eta PC, PS4, Xbox One eta Switcherako bideojokoaren argitaratzen data “aste batzuk” atzeratuko dutela dio Crytekek.
Aste horietan “Crysis sagako bideojokoengandik esperotako estandarrera iristeko hobekuntzak” gauzatzeko lanean ibiliko direla agindu dute garatzaileek.
Iruzkinak