Source garapen motorea erabilita hutsetik sortutako kodea eta baliabideak prestatuko dituzte. Aurretiazko sarbidea iritsiko zaigu aurten.

Counter-Strike 1.6 Valve-n tiro joko ezagunaren bertsiorik maitatuenetakoa da. Hori berpiztea da CS: Legacy proiektuaren helburua: berregitea aurkeztu, eta Steam bidez kaleratzeko asmoa iragarri du CSPromod eraldatzea sortu zuen zale talde berberak.

Source Engine 2013 SDK garapen motorea erabilita berregingo dute aspaldiko Counter-Strike. Egindako aurrerapenak ezagutzera emateko bideoa utzi digute.

Begi bistakoa denez, lan bikaina egiten dabiltza zaleak. “Berregite osoa” dela diote, eta, horretarako, kodea zein 3D baliabideak, mailak, pertsonaiak, interfazea edo armak osorik berregiten dabiltza. Trailerrean Nuke mapa mitikoa ageri da, baita komunitateak bere garaian sortutako Pool Day maitatua ere, grafikoki goitik behera eraberrituta.

Izan ere, Source motorea hobetu dutela diote, horretarako etxeko renderizatzailea inplementatuta. Islak, fisikak eta beste hainbat ezaugarri txukunduta ikusiko ditugu.

Jokagarritasuna 1.6 originalarena izatea gura dute, hori bai. “Mekanikak, mugimendua zein armen sentipena” mantenduko dituztela diote arduradunek.

CS: Legacy ez da mod hutsa izango, joko osoa baizik. Doako titulu bezala argitaratzeko asmoa dute, esan bezala, Steam plataforman zuzenean kaleratzeko. Valvek joko zaharrekin eta Source tresnarekin eskainitako aukeretako bat da; are gehiago, orain gutxi Team Fortress 2ren iturburu kodea askatu dute Gabe Newell-en enpresakoek, heroi tiro jokoa erabilita lan berriak sortzea ahalbidetuz. Antzeko proposamena da, beraz, CSrena.

CS: Classic Offensive da, ziurrenik, azken hilabeteotako kasurik ezagunena: proiektuak CS: Global Offensive erabiltzen du joko klasikoen mekanikak inplementatzeko. Valvetik, baina, garatzaileengana jo dute martxoan; dirudienez, erabilitako kodean hainbat arazo edo gai zalantzagarriak daude. Printzipioz, CS: Legacyk ez luke arazo bera edukiko.

Proiektua luzerako doa, baina laster probatzeko aukera edukiko dugula dirudi: 2025. urtea bukatu aurretik aurretiazko sarbidean kaleratzeko helburua du zale taldeak, dena ondo badoa.