Ehundaka akats zuzenduko dituzte bertsio honetan. PC eta kontsoletan eskuragarri dago jada.
Kostatzen ari zaie, baina CD Projekt RED garatzaile poloniarrekoek joan den urte bukaeran merkaturatutako Cyberpunk 2077ren akats nabarmenak zuzentzeko lanean dihardute. 1.2 eguneraketa argitaratu berri dute, eta horrek ekarri dituen aldaketa eta hobekuntza guztiak zerrendatu nahi izan dituzte jokoaren webgunean argitaratutako artikulu luze batekin.
Era guztietako aldaketak gaineratu dituztela agindu dute zerrenda horretan: 500 bat hobekuntza ikusiko dituzte jokalariek. Artikuluan irakurri daitekeenez, Night Cityko polizia ez da jokalariaren ondoan agertuko krimen bat burutu ostean: polizia unitateak sortzeko erradioa handitu dute adabakiarekin.
Ibilgailuetan gidatzerakoan biratzeko abiadura nahi bezala aldatzeko aukera jarri dute gainera: modu horretara teklatuaren jokatzen dutenek erosoago gidatzea bilatzen dute.
Hobekuntzekin batera akatsak zuzentzeari ere ekin diote, eta alde horretatik zerrenda ikaragarri luzea da: 274 biderrez irakurri daiteke “fixed” hitza. Ustekabeko teleportazioak, lurrera erori gabe gelditzen ziren akatutako arerioak edota V isilpean etsaiak hiltzen doala Jackiek garrasi egitea bezalako hanka-sartzeak zuzenduko ditu CD Projektek.
1.2 adabakia dagoeneko argitaratu da PCko, PS4ko eta Xbox Oneko bertsioetarako. Eguneraketa kaleratuta, doako eduki gehigarriekin jarraituko dute garatzaileek. Ez hori bakarrik, PlayStation 5erako eta Xbox Seriesetarako belaunaldi berriko eguneraketa bukatuko zutela agindu zuen Marcin Iwinski CD Projekteko sortzaileak “bilatzen zuten kalitate maila lortu gabe” geratu zirela adierazterakoan..
Game Erauntsiako kideak Cyberpunk 2077ri buruz aritu ginen otsailean egindako podcastean: bertan jokoaren garapenaren inguruan hitz egin eta arazoz betetako prozesuan sakontzeaz gain RPGaren balorazioak eman genituen.
Iruzkinak