Dozenaka hobekuntza eta ezaugarri dakartza. Phantom Liberty espantsioa egun batzuk beranduago iritsiko da, irailaren 26an.

CD Projekt RED estudioak Cyberpunk 2077ren berritasunak jakinarazi ditu Night City Wire aurkezpenean. Bideojokoari era guztietako berritasunak inplementatuko dizkion eguneraketaren argitaratze data zehaztu du azkenik: 2.0 adabakia irailaren 21ean deskargatu ahalko dugu.

Eguneratzearen helburu nagusia jatorrizko abenturak 2020an estreinatzerakoan —hainbat berandutzeren ondoren— jasotako kritiken zergatiak zuzentzea da. Horrela, dozenaka ezaugarri inplementatu dituzte, eta, aldi beran, akatsak konpondu.

Hasteko, V protagonistaren berezitasunak eta abilezien zuhaitza goitik behera berdiseinatu dute. Poloniarrek diotenez mugimenduen zein abantailen kopurua murriztu dute, bakoitza are nabarmenagoa izateko bideak bilatuta.

2.0 eguneraketa instalatzerakoan gure partidetako Vren ezaugarriak berriz hautatzeko aukera bakarra edukiko dugu. Gainera, sortu nahi dugun pertsonaia prestatzen joateko Build Planner tresna argitaratu dute webgune ofizialean.

Ibilgailu gaineko tiroketak izango dira adabakiko mekanika berrietako bat. Autoko leihotik zein motorretik tiroka ariko gara horrela; pistolekin zein metrailetekin tiroka dezakegu, baina ibilgailu batzuek berezko armak edukiko dituzte. Motorrean, gainera, katanekin ere eraso daiteke. Etsaien autoak hackeatzea da ahalbidetuko diguten azken aukera.

Eraberritutako polizia ikusiko dugu 2.0 adabakian. Buruan “arau sinpleak” edukita zaharberritu dutela diote arduradunek: kriminalak hiltzera joango dira, galderarik egin gabe. Heat sistemarekin funtzionatuko dute: GTA sagan ikusitakoaren antzekoa izango da, izar kopuru desberdina ezarrita Vk egindako astakerien arabera.

Cyberpunk 2077ren 2.0 eguneratzea irailaren 21ean estreinatuko da PCan eta PlayStation zein Xbox kontsoletan.

 

Espantsiorako prestatzen

Aipatutako berritasunei Phantom Liberty espantsioarenak gaineratu behar zaizkie. Gune, pertsonaia, erronka eta misio berriak ezagutuko ditugu Dog Town herrian.

Arma, abilezia eta ibilgailu propioak edukitzeaz gain, erlikia sistema abiatuko du eduki gehigarriak. Jatorrizko joko hasieran eskuratutako gailu honi esker abilezia berezi mordoa desblokeatuko ditugu.

Estreinaldirako prestatzeko trailer zinematiko ikusgarria kaleratu dute CD Projektekoek. Bertan DLCko bi pertsonaia nagusiak ageri dira: Songbird eta Idris Elba aktoreak antzeztutako Solomon Reed.

Cyberpunk 2077: Phantom Liberty ez da jatorrizko plataforma guztietan argitaratuko: PC, PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetan soilik joka dezakegu espantsioan. Laster helduko da: irailaren 26an kaleratuko dute.