Night City Wire aurkezpenaren bigarren atalak hainbat trailer erakutsi ditu. Bideojokoaren armak ere nabarmendu dituzte bertan.
CD Projekt Reden hurrengo lana azaroan estreinatuko da, eta Cyberpunk 2077 erraldoiaren xehetasunak emateko hainbat aurkezpen txiki egitea erabaki dute poloniarrek. Bigarren atalean jokoaren protagonistaren istorioa hasteko abiapuntu desberdinak eta era guztietako arma sorta erakutsi dituzte arduradunek.
Abentura hasterakoan jokalariek hiru abiapuntu desberdinen artean aukeratu ahalko dute. Nomada bezala hastea aukeratzen badugu, Cyberpunk 2077 Night Citytik urrun hasiko dugu: Badlands basamortuan emango ditugu lehen pausoak, nomada familiarekin batera.
Kaleko gaztea izatea erabakiz gero, Night Cityko gune gogor eta arriskutsuenetatik hasiko gara. Azkenik, Corpoa aukeratuta korporazio handien arteko gerran parte hartuko dugu abenturaren lehen uneetan.
Era horretara abiapuntu guztiz ezberdinak eskaini nahi dituzte garatzaileek. Hasiera bakoitza testuinguru eta kokaleku desberdin batean kokatuko da, bideojokoari aniztasun handia eskainita.
Aurkezpenaren bigarren protagonista eskura izango dugun armategi zabala izan da. Pistolak, katanak, eskopetak, errifleak, adimendun armak… askotariko armak ikusiko ditugu, eta horietako bakoitza neurrira egiteko aukera egongo da.
Hori bai, armak erabiltzea gure esku egongo da. Izan ere poloniarrek bideojoko osoa inor hil gabe gainditu ahalko dela agindu dute; hartutako erabakiek pisu handia edukiko dute Cyberpunk 2077n.
Cyberpunk 2077 azaroaren 19an kaleratuko dute. Lehenik PC, PS4 eta Xbox Onera iritsiko da; ondoren PS5 eta Xbox Series Xrako bertsioak ere ikusiko ditugu.
Iruzkinak