Doakoa izango da jatorrizko bertsioa erosi zutenenentzat. The Witcher 3-ren bertsio hobetua bigarren hiruhilabeterako prestatzen dabiltza CD Projekt RED-ekoak.
Askok dagoeneko ahaztuta eta atzean utzi dute, baina CD Projekt RED garatzaile poloniarrak Cyberpunk 2077rekin lanean jarraitzen du. Enpresaren azken finantza txostenean aipatzen dutenez, belaunaldi berrirako bereziki prestatutako bertsioa datorren urteko lehen hiruhilabeterako prest edukiko dute.
Bideo-jokora dagoeneko jokatu daiteke PlayStation 5 zein Xbox Series kontsoletan; halere, ez dute inolako hobekuntzarik egungo gailu hauetan. Zientzia fikziozko abenturak dituen errendimendu arazoak ezagututa, hauek belaunaldi berriaren indarrari esker konpontzea espero da.
Bertsio berria guztiz doakoa izango Cyberpunk 2077ren jatorrizko bertsioa erosita dutenentzat. Gauza bera gertatuko da The Witcher 3: Wild Hunt Complete Edition-ekin: Erribiako Geralt-en hirugarren abentura eraberritzen dabiltza PS5erako eta Xbox Seriesetarako, eta hau dohainik eskuratuko dute aspaldiko jokoa dutenek. Witcher 3 pixkat beranduago iritsiko da: 2022ko bigarren hiruhilabeterako aipatzen dute txostenean.
Cyberpunkekin jarraituta, aspalditik iragarrita zeuden espantsioei buruzko berritasunak aipatzen dira dokumentuan. Dirudienez, CD Projekt RED “Cyberpunkentzako espantsio erraldoia prestatzen dabiltzan garatzaile taldeak handitzen” ari da; eduki gehigarria plataforma guztietara iritsiko da, baina ez dute argitaratze datarik aipatzen.
Garatzaile gehiago bilduta etorkizuneko proiektuei begira ere jarri dira antza. Lantalde berriarekin “garapen fase goiztiarrean aurkitzen diren proiektuak esploratzeko lanean” dabiltza une honetan.
Cyberpunk 2077 azken urteetako jokorik desiratuenetakoa izan den arren, akatsez eta arazoz betetako estreinaldia eduki zuen; jokoa oraindik guztiz konpondu gabe dagoela nabarmendu behar da. Hauei buruz mintzatu ginen Game Erauntsian CD Projekt REDen azken jokoari buruzko podcast luzean:
Iruzkinak