Rol abenturaren oinarriak azaltzeko aprobetxatu dute estrenaldiaren aurretik.
Egun gutxi batzuk falta dira azken urteetako bideojokorik desiratuenetako baten estreinaldirako. Cyberpunk 2077k hiru berandutze, langileek jasandako gehiegizko lan kargari buruzko kritikak eta hainbat aurkezpen bideo zabaldu ondoren, jokoa argitaratu aurretik azken gameplay bideoak erakutsi dituzte garatzaileek.
Lehenengo bideoan Cyberpunkeko unibertsoaren xehetasun desberdinak aurkezteko aprobetxatu dute. Night City hiri erraldoiari begirada bat emateaz gain, V izeneko protagonistaren helburu nagusia zein izango den zehaztu eta bere gaitasunak edo itxura hobetzeko bideak erakutsi dituzte CD Projektekoek. Horrez gain jokalariek ondo pasatzeko bigarren mailako jarduerak ere nabarmentzen dituzte trailerrean.
Jostagarritasun orokorraz gain bideojokoa kontsola desberdinetan zer moduz moldatzen den erakutsi dute. Lehenik Xbox Series X eta Xbox One X kontsolen txanda izan zen hamar minutuko bideo batekin. V protagonsita hiritik zehar ibiltzen ikus daiteke, baita autoa hartuta kaleak zeharkatzen ere. Misio gutxi batzuk erakutsi dituzten bitartean bi kontsolen artean aldatzen joan dira, Xbox bien arteko desberdintasunak nabarmentzeko.
Garatzaileek zehaztu dutenez bideoan ikusi daitekeen Xbox Series Xko bertsioa ez da atal grafikoan hobekuntzak edukiko dituena: Cyberpunk 2077 argitaratzerakoan retrobateragarritasun bidez funtzionatuko du Xbox berrietan, eta 2021ean atal grafiko eta teknikorako hobekuntzak gehituko dituen adabakia argitaratuko dute.
Azken trailerra PlayStation kontsolei zuzenduta egon da: PlayStation 5 eta PlayStation 4 Pro kontsolen gameplay bideoak Sonyren kontsolak Cyberpunk nola mugitzen duen erakusteko balio izan du. Bertan Vren istorioaren abiapuntu aukeragarrietako bat ikus daiteke: Nomadarena, hain zuzen ere. Pertsonaia sortzeko tresna eta jokoaren lehen pausoak erakutsi dituzte bideoan, misio nagusi batekin.
The Witcher 3ren garatzaileak azken urteetan prestatzen ibilitako lana datorren abenduaren 10ean estreinatuko da. PC, PS4, Xbox One eta Stadian egingo du egun horretan, baina PS5 eta Xbox Seriesetan jokatzeko aukera ere egongo da retrobateragarritasun bidez. Xbox Seriesetan gertatu modura, PS5eko bertsioak ez ditu ezaugarri berriak jasoko hasiera batean: horiek eguneraketa batekin iritsiko dira oraindik zehaztu gabeko egun batean.
Iruzkinak